haurren ahotsek hartuko dute bihar Arrasateko Uarkape pilotalekua. Arizmendi ikastolak antolatutako Eskolarteko Abesbatzen topaketak mende laurdena beteko du aurten eta, honen harira, ekitaldi berezia prestatu dute. Hi-tzordua 18.00etan izango da eta, bertan, orain dela 25 urte ekimen hau sortu eta sustatu zutenek omenaldia jasoko dute.

"Hasiera batean San Frantzisko Xabier ikastola izan zen antolatzailea Arizmendi ez baitzen existitzen. Gurutze Uribarren irakaslearen eskutik jarri zen martxan umeen artean bailarako kanturako dagoen zaletasuna sustatzeko xedearekin. Lehiaketa moduan hasi zen ospa-tzen, baina formatu honekin ez geunden oso ados eta erabaki zen eskola artean topaketa bat egitea", adierazi zuten irakasle diren Itziar Aranburuk eta Isa Gallastegik.

Mende laurdeneko ibilbide emankor horretan helburuak bete dira. "Ikastoletan kantua bultzatzeaz gain -talde ezberdinak daude-, lan hori herrira plazaratzea izan da asmoa", azaldu zuen Gallastegik. Hainbat eszenatoki izan dira topaketa hauen lekukoak -Santa Teresako eliza, Musakola kiroldegia, Amaia antzokia eta Uarkape-, eta guztiak ikusleez gainezka egon dira.

Biharko ekitaldia ez da salbuespen bat izango. Gallastegi eta Aranbururekin batera, Mapi Fernandez, Amaia Aspiazu, Gurutze Uribarren, Mª Asun Berezibar, Arantza Uriarte, Loli Ordoki, Arantza Galdos, Ramon Loiti eta Edurne Erauskin ere omenduko dituzte.

Txantxiku ikastola ere bai

'Jostailugilea' ipuin musikala

Oholtza gainean, Arizmendi ikastolako gune desberdinetako abesba-tzak eta Oñatiko Txantxiku ikastolako korua arituko dira, Rakel Murgiondo eta Iñaki Barrenaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren. Kili-Kili bat, Goazen! eta Imagine abestiekin gozatzeko aukera egongo da.

Gainera, zilarrezko ezteiak ospa-tzeko, Josu Elberdin pasaitarraren Jostailugilea izenburuko ipuin musikala taularatuko dute Arizmendiko ikasleek, Goikobalu Gazte abesba-tzaren laguntzarekin.

"Jostailuak egiten dituen arotz baten istorioa kontatzen du lan honek. Beti besteentzako jostailuak egiten baditu ere, berarentzat izango den jostailu bat egitea pentsatu du: tximeleta bat. Azken hau ia guztiz bukatuta dagoenean, hego bat puskatu zaio eta konpontzeko asmoz, arotzak bidaia bat hasten du", zehaztu zuen Rakel Murgiondok.

Sarrerak hiru euroko prezioa izango du eta batutako diruaren %25a Lodosako Ibaialde ikastolara bideratuko da, bere egoera ekonomiko larriari laguntza emateko.