zarautz. Zarauzko alkatea den Juan Luis Illarramendik (Bildu) bere kezka agertu du Eusko Jaurlaritzak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bidez, Zarauzko Industrialdea entitatean Irita industriagunera bideratzeko asmoa zuen 8,5 milioiko inbertsioa moztu eta proiektuari lehentasuna kentzeko erakutsitako asmoen aurrean.

"Egungo testuinguru ekonomikoa pertsona eta erakunde publikoentzat oso zaila dela onartu arren, egoera hori aldatzeko ezinbestekotzat jotzen dugu Administrazio publikoak inbertsioak eta pizgarri ekonomikoak bultzatzea ikerketa eta garapenerako poloak sortu eta enplegua sustatuko duten politikak abiarazteko", jakinarazi du alkateak prentsa ohar baten bitartez.

"Iritara bideratu behar zen inbertsioa garrantzitsua zen Zarautzentzat", nabarmendu du Illarramendik. Horregatik, alkateak eskaera luzatu die SPRI sozietateari eta Eusko Jaurlaritzari, "erabakia berraztertu eta, Iritara ez bada, inbertsio horiek herri honetan lehentasunezkoak diren beste azpiegitura batzuetara bideratu ditzan".

Aspaldiko proiektua da Irita eta 40.820 metro karratuko bulegoz betetako industrigunea dago aurreikusita Zarauzko sarrerako eremu horretan. Gainera, hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu, besteak beste, hotel bat eta 7.000 metro karratuko parke bat.