Urnieta. Azken bi urteetan egin bezala, aurten, San Migel egunean, hilaren 29an, Urnietako Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak irrintzi lehiaketa antolatuko du, Iñistor Jaiaren baitan ospatuko dena.
Lehiaketa parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dago eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena, hamalau urtetik gorakoentzat, eta gaztetxoen atala hamahiru urte artekoentzat.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian barrena irrintzi egiteko ohitura eta gaitasuna duten herritarrak erakarri nahi dituzte Urnietako saiora. Horretarako, bidaia saria aurreikusi dute: Urnietara kanpotik datozen irrintzilariei kilometroen arabera ordainduko zaie.
Gainera, hirugarren lehiaketa honetan ere garaikurrarekin batera izango da sari ekonomikorik sail nagusian: irabazlearentzat 100 eurokoa izango da eta bigarrenarentzat, 50 eurokoa. Sariak erabakiko dituen epaimahaia lau lagunek osatuko dute eta, besteak beste, indarra eta ozentasuna, abiadura, tonua, garapena eta kolpe bakarreko irrintzia izango dira aintzakotzat hartu beharko dituzten ezaugarriak.
Iazko lehiaketan sei lagunek parte hartu zuten helduen atalean eta hamaika gaztetxoen sailean. Horregatik, aurten, Iñistorra biltzarrak ahalegina egin nahi du deialdia herritik kanpoko irrintzilarientzat zabaltzeko.
Lehiaketan parte hartzeko izena 943 300 733 zenbakian eman daiteke goizez, baita 656 782 521 zenbakian ere. Bestalde, Urnietan txapelketaren egunean bertan lehiaketa hasi bitartean inskribatu ahal izango da. Nolanahi ere, kanpotik datozen lehiatzaileei biziki eskertuko zaie aurretik izena ematea. Lehiaketa Jakutegi plazako karpan egingo da, iluntzeko 20.00etan.
Urnietar prestu Bestalde, hilaren 29an, Iñistor Jaian, emakume baserritarrek egiten duten lan gogorra omenduko dute. Nahiz eta desagertzear dagoen bizimodua izan, oraindik baserrian jarduten duten emakumeak badaude herrian.
Gauzak horrela, Iñistorra elkarteak Urnietar Prestu 2011 lau emakume baserritar izendatuko ditu: Pili Intxausti, Angela Garmendia, Maixabel Setien eta Lurdes Arozena. Bakoitza Urnietako auzo batekoa da: Oztaran, Ergoien, Lategi eta Goiburu.