legazpi. Xabier Barriolak musika munduan osatu duen ibilbidea izugarria da. Sei edo zazpi urtekin hasi zen abesten, Legazpiko parrokiako haurren abesbatzan. Hamabi urtekin solfeoa ikasi zuen eta Legazpiko bandan klarinetea jo-tzen hasi zen. Piano, kantu eta zuzendaritza ikasketak egin zituen; rock taldeetan eta elizkizunetan organoa jo zuen; Legazpiko Santikutz eta Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak zuzendu zituen; Peñaflorida eta Kea abesbatzetako kidea da...
Nola ikusten duzu abesbatzen mundua?
Krisialdia kalte handia egiten ari da. Kanpoan etxean baino lan gehiago dugu. Oso kezkatuta gaude, talde asko desagertzeko arriskuan baitaude: Conductus Ensemble, Peñaflorida, Ondore... Talde hauek erdiprofesionalak dira eta edozein herrik ezin ditu kontratatu. Euskal Herrian eta Estatuan musikoek asko kobratzen dugula esan izan da beti, baina horrek bere arrazoia du: kontzertu batengatik asko kobratzen dugu, baina kontzertu bera toki gehiagotan eskainiko bagenu askoz ere gutxiago kobratuko genuke kon-tzertuko. Europan taldeek gutxiago kobratzen dute baina kontzertu asko eskaintzen dituzte. Gainera, emanaldi asko eskaintzen badituzu, zure maila asko hobetzen da. Kea taldea, ordea, krisialditik libratzen ari da. Hasieran ez genuen fede handirik, baina musika garaikidea eskaintzen dugu eta harrera ona izan du. Datozen hilabeteetan Asturiasen, Kantabrian eta Madrilen abestu behar dugu. Estatu mailan ez daude gaur egungo musika jorratzera ausartzen diren talde asko.
Kea abesbatzarekin Argentinan izan zara. Nolatan?
Mundu mailako 15. bilkuran izan gara. Ekitaldi hau mundu mailako federazioak antolatzen du eta aurreko ekitaldietako batzuk Sidney, Kyoto eta Kopenhagen izan dira. 1.000 zuzendari inguru elkartu gara musika lantzeko eta gure arazoak aztertzeko. Gainera, 25 taldek parte hartu dugu. 140 abesbatza aurkeztu ginen eta 25 hautatu zituzten. Europatik bost bakarrik joan gara.
Zer moduz moldatu zarete?
Ondo, baina antolaketa ez da Sidney edo Kyoton bezain ona izan. Gainera, Argentinan herriak elkarrengandik oso urrun daude. Buenos Airesetik Puerto Madrynera 1.700 kilometro daude eta Txileko sumendi baten kea parean suertatu zen. Joatean hamabi orduko autobus bidaia egin behar izan genuen eta itzuleran, 28 ordukoa. Argentinan autobusak oso onak dira, baina geldialdi asko egiten dituzte. Eskerrak halakoetan jarrera onarekin joaten garen!
Abesteaz gain, kantu zaletasuna suspertzeko lan egiten duzu. Zer diozu euskal kantak biltzen dituen kantuan.net atariari buruz?
Oso gustura nago. Duela urtebete berritu nuen eta dagoeneko 10.000 bisita jaso ditut. Nire ustez, asko da. Web orrian kanta herrikoiak eta sortu berriak daude, baina gizartea abiadura handian doa eta egun batean sortzen dena hurrengoan herrikoia da jada. Abesti berrien partiturak lortzea zaila da eta hori da nire ekarpen handiena.
Egileekin harremanik ba al duzu?
Ez dut euren erantzunik jasotzen eta horrek pena ematen dit. Ordu asko ematen ditut lanean eta eran-tzuna jasotzea gustatuko litzaidake: "Ondo eginda dago", "honako akats hau egin duzu"...
Euskal kantak eta kantu zaletasuna bultzatzeko ahalegin horretan, Urretxu eta Zumarragako ZU Kantari taldeko kidea ere bazara. Igandean Iparragirre Kantuz eguna ospatu zenuten.
Ekitaldi polita izan zen eta oso gustura gaude. Abesteko zaletasuna galtzen ari da eta galdu ez dugunok hilean behin elkartu beharra dugu. Lehen afarietan, txikiteoan... abesten zen. Jendeak ez du kantatzeko ohiturarik, eta horrelako ekimenak antolatu behar zaizkio animatu dadin. Kantu afariaren helburua hori da.
Urretxukoko kantu afaria jaietako ekitaldi garrantzitsuenetakoa da.
Hala da. Jendeari baldintza onetan abesteko aukera ematen dio. Lehen abestiak buruz abesten ziren eta orain liburuxka behar dugu. Horrek esan nahi du ez dugula asko kanta-tzen. Egia da ere Internetek alpertu egin gaituela. Lehen doinu bat en-tzun eta letra ikasten saiatzen ginen. Orain ez dugu disko gogorrean gordetzeko beharrik: Internetera jo eta kito!