Elgoibar. Josean Gómez Garrido elgoibartarra orain dela hamahiru urte hasi zen euskara ikasten bere herriko udal euskaltegian. Ordutik ez du kalerik egin bere ikaskuntza prozesuan eta hirugarren hizkuntz eskakizuna (EGAren parekoa) lortu ondoren, Elgoibarko Izarra elkarteak euskaraz lagun artean hitz egiteko antolatzen dituen tertulietan parte hartzen jarraitu du. Orain, Euskara Elkarteen Federazioak herritar honek euskararen alde egindako lana eta ibilbidea saritu du, Euskal Herriko beste bost mintzalagunekin batera. Sarituen artean hiru gipuzkoar gehiago izan dira: Adelina betigazte eibartarra eta Txomin Urrestarazu eta Pedro Iturralde donostiarrak, hain zuzen ere.

Noiz eta nola hasi zinen euskara ikasten?

Orain dela hamahiru urte, 1998an, hasi nintzen euskara ikasten Elgoibarko udal euskaltegian. Beti ikasi dut bertan eta hizkuntzaren hirugarren perfila atera ondoren Elgoibarko Izarra elkarteak antolatzen dituen tertulietan parte hartzeko izena eman nuen.

Zeintzuk izan ziren euskara ikasten hasteko arrazoiak?

Alde batetik udaletxean egiten nuen lan eta beharrezkoa iruditzen zitzaidan. Bestetik, umeak txiki-txikitatik hasten dira euskara ikasten eta beraiei lagundu ahal izateko hizkuntza ondo ezagutzea inportantea iruditzen zitzaidan. Gainera, elgoibartarra naiz eta hemengo hizkuntza euskara izanda bada...

Zer eman dizu euskarak?

Gauza asko: jende berria ezagutzeko eta lagunak egiteko aukera, euskal kultura barrutik ezagutzeko aukera, herritar askoren errekonozimendua... Oso harro nago euskara ikasteko egindako esfortzuarekin, euskarak hori baino askoz gehiago eman didalako.

Hainbat urtetan euskara ikasten aritu ondoren, 'Tertuliak' programaren saioetara joaten jarraitzen duzu... Ikasten ari direnei laguntzeko edo ikasi duzuna ez ahazteko?

Bietatik dago. Gainera, saio horietan nik ere ikasten ditut gauza berriak besteengandik. Egia esa, primeran pasatzen dugu tertulietan. Astean ordubete elkartzen gara eta edozein gaiaren inguruan hitz egiten dugu, batzuetan paseatzen, beste batzuetan kafe bat hartzen... Oso giro ona egoten da eta horregatik herritar guztiak animatu nahi nituzke datorren ikasturtean tertulietan parte hartzera. Euskaldunek euren laguntza eskaini dezakete eta euskara ikasleek praktikatzeko leku aproposa dute bertan.

Non erabiltzen duzu euskara gehienbat?

Lantokian eta kalean batez ere. Herritar asko euskaraz ezagutu ditut eta horiekin beti hitz egiten dut euskaraz. Etxean ere euskaraz hitz egiten dut seme-alabekin, baina emaztea ez dagoenean gehienbat. Izan ere, nire emazteak euskaraz nahiko ulertzen badu ere oraindik ez dauka hitz egiteko konfiantzarik.

Joan den asteburuan zure ibilbidea saritu zuen Topaguneak Elizondon jai giroan ospatutako Mintza Egunean. Espero zenuen errekonozimendu hori?

Banekien saria eman behar zidatela joan aurretik esan zidatelako. Hala ere, abisua jaso baino lehen ez nuen inola ere espero. Ikusten nuen holako sariak ematen zituztela eta, egia esan, inbidia pixka bat ematen zidan. Edonola ere, inoiz ez nuen nire burua hor ikusi, seguruenez beste pertsona asko egongo direlako nik baina meritu hadiagoa egin dutenak errokonozimendu hori eskuratzeko.

Zer suposatu du zuretzat?

Sari hau jasotzea oso pozgarria izan da niretzat. Gainera lankide, lagun eta jende askoren zorionak jaso ditut eta pozik bizitu dut unea. Niri asko gustatzen zait euskaraz hitz egitea eta gustuko duzun gauza bat egiteagatik errekonozimendua eskuratzea... la ostia izan da nire-tzat.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Elgoibarren?

Nahiko ondo. Gero eta jende gehiagok ikasten du eta umeek txiki-txikitatik egiten dute euskaraz eskoletan... Gainera, euskara bultza-tzeko ekitaldi ugari laguntzen dituzte Udaleko Euskara sailetik, herriko euskaltegietatik eta Elgoibarko Izarra elkartetik eta ondorioz, euskara lantzeko gogoa duten adin guztietako herritarrek badute horretarako aukera. Hori bai, agian euskara pixka bat gehiago plazaratzea falta da; hau da, jendeak jakin badaki euskaraz baina askori hizkuntza honetan hitz egitea kostatzen zaio.

Aurrerantzean ere, euskararen alde?

Bai, bai. Hori beti. Inolako zalantzarik gabe.