Hondarribia. Iñaki Gezalak hogei urtetik gora daramatza sukalde lanetan. Ramon Roteta eta Inaxio Muguruza izan zituen maisu, eta Berasategiren Alejandro Bodegoian ere ibili zen, gero Malagan edo Pirinioetan ere lanean aritu aurretik. Hondarribian Itsaspe eta Yola Berri jatetxeetan lan egin zuen eta Irungo Zaisan ere bai. "Han ezagutu nuen Pili Martiarena, gaur egun bazkide daukadana, eta ordutik beti elkarrekin lan egin dugu", azaltzen du Iñaki Gezala sukaldariak.

Gezalatarren izena, hondarribiar askoren artean behintzat, EAJri lotuta dago. Nola sortu zitzaizun Batzokiko jatetxearen kargu egitea?

Egia da anai-arrebetako zenbait alderdikideak garela, baina ez zuen horrek zerikusi berezirik izan. Duela hamar urte, jatetxea eta taberna nork hartuko zituen bila zebiltzan eta eskaintza egin zidaten. Onartu beharra dut nire-tzat berezia dela batzoki batetako jatetxearen ardura izatea. Gustura hartu nuen lana baina hala ere, azkenean, beste lanak bezalakoa ere bada. Erronka ederra zen momentu horretan eta ondo joan zaizkigu gauzak hamarkada honetan. Hain ondo, zein duela hiru urte, Errenteriako Batzokiaren jatetxearen ardura hartu genuen. Oso pozik gaude bi kasuetan.

Hondarribiara kanpoko jende asko etorri ohi da, turismoaz bizi den herria da parte handi batetan behintzat. Alderdi politiko aber-tzale baten egoitza ere baden jatetxean sartzeak erreparoak sor-tzen al ditu zenbaitengan?

Egia da hau EAJren egoitza dela, baina hemen mundu guztia da ongi etorria eta guru helburua, bezeroa gustura sentiaraztea da. Ondo jan eta ondo pasatzea. Izango da EAJren egoitza dela eta atzera egingo duenik, baina denetariko jendea sartzen da hemen, eta hori oso positiboa da, zentzu guztietan. Beste alderdietako zinegotziak eta hiritarrak, eta turista asko ere bai, zorionez, naturaltasun eta normaltasun osoz etortzen dira guregana. Uste dut, zentzu horretan, batzokietan edo beste antzeko egoitzetan jatetxe eta tabernak izateak gizarte lana ere egiten duela, politika alde batera utzi eta jendearen arteko harremanak bultzatuaz. Hori hemen ikusi dut eta baita Errenteriako Batzokian ere.

Nori gustatuko litzaizuke bazkari ederra ematea? Ilusio berezia egingo lizukeen bezeroren bat?

Jatetxe batetan, bezero guztiak dira garrantzitsuak eta profesionaltasuna dago beste edozeren aurretik. Hori da lan honetan erabili behar den filosofia. Baina norbait aukeratu beharko banu, Ibarretxe Lehendakaria hemen izatea ohore handia litzateke. Hondarribian izan den aldietan ezin izan du, denetariko arrazoiak medio, hona etorri. Noizbait etortzen bada, pozgarria izango litzateke guretzat.

Eta López Lehendakaria etorriko balitz hona bazkaltzera?

Nahiko galdera maltzurra da hori. Lopez etorriko balitz, etxeko bezero guztiek merezi duten tratua emango genioke.

Duela egun gutxi, Hondarribiko Pintxoaren Asteko irabazle izan da Batzoki jatetxea, Gildaren lehengusua

Gildaren lehengusua betiko aperitiboari egin diogun omenaldia da. Alde batetik, Gilda pintxo mitikoaren interpretazio berezia, eta bestetik, igande eta jai egunetako eguerdiko aperitibioaren momentu horri egindako begi-keinua. Gainera, Hondarribiari oso ondo egokitzen zaion pintxoa da. Ogi txigortua da oinarria eta honen gainean, oliba eta piparraz egindako purea, azarekin egindako marmelada eta antxoa. Itsasoko eta baserriko zaporeak bereizten dira pintxoan. Eta amaitzeko, Martini zuriaz egindako izozki koilarakada, aperitiboa gogora ekartzen duena. Ia hiru urte eman ditugu frogak egiten eta oso pozik gaude emaitzarekin. Gipuzkoako txapelketan bigarren sailkatu ginen eta orain Hondarribian, berriz ere irabazle.

Sariarekin batera, Erdi Aroko Hirien Sareak antolatzen duen txapelketan Hondarribia ordezkatuko duzue. Zer esaten dizu honek?

Oso pozgarria izan da saria irabaztea, gainera ez genuen espero ere. Hondarribian oso maila altua dago pintxoetan eta sukaldeetan orokorrean. Munduko pintxo egilerik onena etxean daukagu eta bere izena Bixente Muñoz da. Ohore handia izango da Hondarribia ordezkatzea txapelketa horretan.

Bertako sukaldariek duzuen harremana kanpotik ikusten dena bezain ona al da?

Halaxe da. Oso momentu ona bizi-tzen ari gara herri honetan. Maila handiko jatetxe eta sukaldariak dauzkagu, pintxo zoragarriak, erretegiak... Gure arteko harremana oso ona da, eta gainera, bakoitzaren lana besteenaren osagarria da. Ona da honelako aukera zabala izatea.