Korrikalarien urtaroa
Udazkena korrikalarien urtaroa da Gipuzkoan. Bereziki Urola Garaian. Izan ere, urtaro honetan izaten dira egutegiko bi proba garrantzitsuenak: herri lasterketa eta mendi lasterketa. Testua eta argazkia Asier Zaldua
UDAZKENa, perretxikoen urtaroa ez ezik, korrikalariena ere bada. Izan ere, Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari diren kirolariek errepide eta bidegorriak hartzen dituzte. Urola Garaian korrikalari uzta are oparoagoa izaten da, eskualdeko bi lasterketa garrantzitsuenak garai honetan antolatzen baitira. Duela bi aste herri lasterketa izan zen eta igande honetan mendi lasterketa izango da.
Korrikalariek 22 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 1.550 metro igoko dituzte eta Beloki, Izazpi eta Irimo mendietako gailurretatik pasako dira. 10.00etan irtengo dira, Areizaga-Kalebarren plazatik. Parte hartu nahi dutenek 8.30etik aurrera izango dute izena emateko aukera.
Lasterketa hau Goierri Garaia taldeak antolatzen du. Antolatzaileen ustez, "probak mendi lasterketen egutegian bere lekutxoa egin duela gauza nabarmena da: dagoeneko 70 lagun inguruk eman dute izena, eta hemendik igandera bitartean jende gehiago animatzea espero dugu. Lasterketa bera gogorra dela kontuan harturik, eta berau mendi lasterketen egutegiaren amaieran kokaturik dagoela jakinda, marka da ehun laguneko tropela biltzea".
Maila bakoitzeko lehen sailkatuentzat sariak izango dira eta errepideko lasterketako eta mendi lasterketako denborak batuz denbora gutxien batzen dutenen-tzat, diru sariak. Faboritoen artean, Juanjo Igartzabal zumarragarra eta Ruben Lanz legazpiarra daude. Ibilbidea ondo ezagutzen dute eta horrelako lasterketetan eskarmentu handia dute. Igartzabal Euskadiko mendi lasterketen kopako egungo txapelduna da, gainera. Hala ere, beste lasterkari batzuen lana ere gertutik jarraitu beharko da.
Más en Gipuzkoa
-
La nueva cafetería con encanto del barrio Altamira de Ordizia
-
A sorteo las mejores tribunas para ver la sokamuturra en las fiestas de San Bartolomé de Elgoibar
-
Donostia defiende su apuesta para ser ciudad de referencia en la biociencia
-
“La biociencia necesitan un ecosistema activo y políticas que lo favorezcan”