Zerain. Igandean Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren XVI. azoka izango da Zerainen. Goizean zehar, erosketak egiteko eta ekitaldietan parte hartzeko aukera izango da.
Zeraingo azokan, 9.00etatik 14.00etara, barazkiak, fruta, ogia, gazta, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak, gozoak, kosmetikoak eta tinteak izango dira salgai. Produktu hauek guztiak ekoizpen ekologikoaren arauen araberakoak izango dira.
Bestalde, pintxo ekologikoak jateko eta sagar muztioa edateko aukera izango da. Edari hau antzinako eran egingo da: tolarean. Gainera, Goierriko artisauek nola lan egiten duten erakutsiko dute eta garaian gariko produktuen, gozoen eta sendabelarren tailerrak izango dira. Xaprek trikitixa joko du eta arratsaldean herri kirolak izango dira. Hori guztia gutxi balitz, bisitariek Zeraingo burdingintzaren Aizpita interpretazio zentroa, museoa, Larraondoko zerrategia eta kartzela bisitatzeko aukera izango dute.
Igandeko feriari Goierriko bizi-tza eta nekazaritza ekologikoaren hirugarren hamabostaldiak emango dio jarraipena, urriaren 16tik aurrera. Egun horretan, 12.00etatik aurrera, aurkezpena eta produktu ekologikoen dastatzea izango dira Ordiziako D"Elikatuz zentroan. Toki berean Ekolurra aldizkariaren urteurrenari buruzko erakusketa irekiko da.
Gainera, ikastaroak eta hitzaldiak izango dira. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Goierriko Baratza dendan edo 943 087 498 telefono zenbakira deituz eman behar dute izena. Matrikulak 10 euro balio du. Urriaren 16an Xabi Akizuk ogi biologikoa egiten irakatsiko du, 23an postre tailerra izango da eta 30erako Olaberriako Bengoetxea bodegara bisita antolatu da. Hiru ikastaroak 10.00etan hasiko dira.
Bestalde, aipatu bezala, hitzaldiak ere izango dira. Guztiak 19.00etan hasiko dira. Urriaren 19an haurren elikadura osasuntsuari buruz hitz egingo dute eta Ekolapiko egitasmoa aurkeztuko da Beasaingo Igartza jauregian. Biharamunean Zer jan ala izan. Elikadura eta bizi-tza orekatua hitzaldia eskainiko du Jesus Larretxeak Zeraingo kultur etxean. 21ean Jesus Calvillok bara-tza ekologikoa nola landu azalduko du Legorretako udaletxean.
Azken hiru hitzaldiak urriko azken astean izango dira. 26an Egoitz Garrok makrobiotikari buruz hitz egingo du Ordiziako kultur etxean, 27an Ana Revillak gaixotasunak elikaduraren bitartez nola tratatu azalduko du Beasaingo Igartza jauregian eta 28an Asier Arregi eremu elektromagnetikoen arriskuen inguruan mintzatuko da Zeraingo kultur etxean.