DONOSTIA. Atzo arratsaldean ospatu zuten Donostiako Piratek haien programazioko ekintza nagusia: abordaia. Giro ezin hobeak lagunduta, ehunka koadrilek goiz partean eraiki zituzten 300 bat ontziak 17.00etan itsasoratu ziren. Partaidetza bikaina eta ikusle ugari, benetan osasuntsu dabilela frogatu zuen ekitaldi batentzako.

Atzoko jardunaldia goizeko 8.00etan hasi zen goiztiarrenentzat. Baltsen eraikuntza hiru txandatan banatuta zuten antolatzaileek, jende multzo handiak sahiestu nahiean. Aipatutakoz at, beste bi txandak goizeko 10.00etan eta eguerdiko 12.00etan ziren. Goiz parte osoan, kaia ehunka langile zituen ontziola erraldoi bilakatu zen. Soinu banda, Info 7 irratiko mutilen eskutik etorri zen.

Parte-hartzaileei buruz, berri pozgarria da gero eta toki gehiagotako jendea animatzen dela jakitea. Donostiako auzo desberdinetako koadrilez aparte, Gipuzkoako beste zenbait herritako jendea ere hurbildu zen parte hartzera, Tolosa edo Errenteria, kasu. Bilbotarrek ere uretaratu zuten baltsaren bat, euren hirian itsasorik ez dagoela argi eta garbi utziz.

ERAIKUNTZA Baltsen diseinuak era guztietakoak ziren. Materialik erabilienak, hori bai, antolatzaileek eskuragai ipini zituzten airezko poltsa erraldoiak ziren. Hemen edo han, ia ontzi guztiek zuten horrelakoren bat. Hala ere, flotazio lerroa gurpil ganberekin edota poliuretanoarekin osatu zuenik ere egon zen. Eta umeen flotagailuak erabili zituenik ere bai. Hori bai, bidoiak debekatuak zeuden.

Ontzien bizkarrak osatzeko paleak izan ziren materialik erabilienak. Banbu makilek ere nahiko onarpen ona izan zuten, nahiz eta gero uretan ez zuten eraginkortasun gehiegirik erakutsi. Zerbezaz betetako hozkailu txikiak eta masta eta haize oihal apaingarriak ere baltsa gehienetan zeuden presente.

Aldarrikapen ikurrak ere, beste behin, presente egon ziren. Porrontxoetako koadrilek, larunbatean kanoikadan bezala, euren jaien aldeko kanpainarekin jarraitu zuten. Presoak, Reala, Igeldo, errauskailua edo superportua izan ziren baltseroek jorratu zituzten beste gaietako batzuk. Odón Elorza alkateari mezuak ere bidali zizkioten: Odón hormigón, 100% constru-destrucción zioen pankarta batek.

Eraikuntza lanak amaitu ostean, eguerdi partean ontziola inprobisatuko langileek kaian herri bazkaria egin zuten. Ekitaldi honek ere sekulako onarpena izan zuen, pare bat egun lehenago sarrera guztiak agortuta baitzeuden. Giroa, han ere, primerakoa izan zen.

ABORDAIRA! 16.45ean edo, marinel eta baltsa ugari jada portuko barrunbean nabigatzen ari ziren. Ezkila kapitaina itsasontzi txuri-urdin batean agertu zen, suziriak eskuan zituelarik. Piraten indepedentzia aldarrikatu ostean, lasterketari hasiera eman zioten suziriak jaurtiki zituen. Uretan zirenak martxan jarri ziren, eta besteak portuko maldan behera abiatu ziren, sekulako buxadura eratuz.

Algara, oihu eta zalaparta artean, baltsak pixkanaka-pixkanaka portutik kanporako bidea egiten joan ziren. 18.00etarako edo utzi zuen azken ontziak kaiaren babesa. Atzean, hondakinak bakarrik geratu ziren. Antolatzaileak segituan uretaratu ziren, baltsen hondarrak garbitzen hasteko asmoz. Beste behin ere, jada zor-tzigarrengoz, Piratek Donostia konkistatzea lortu zuten.