DONOSTIA. Eguraldia izan zen atzo Donostiako Piratek Urgull gainean antolaturiko erromeriaren protagonista. Goiz partean, euriak jende asko atzera bota zuen, eta bazirudien eguraldi txarrak festa izorratu behar zuela. Zorionez, arratsaldean hobera egiten zuen heinean, jendea ere animatzen joan zen, eta azkenean koadrila polita bildu zen erromerian gozatzeko.
Lastima giroarena, batez ere goiz partean, Piratek plan polita bai-tzuten atzokorako. Eguerdi aldetik hasita, animatzen zirenak Urgull mendira igoko ziren erromerian, txistu eta alboken soinu bandarekin. Bertan bertsolari saioa izango zen 13.00ak aldera, ondoren herri bazkaria, haurrentzako jolasak, berbena... Plana benetan borobila zen, eta euriak ez zuen Piraten ekimen eta ilusioa zapuzterik lortu.
Hitzordua eguerdiko 12.00etan zen. Lekua, Alde Zaharreko Trinitate plaza. Plana, noski, adin guztietako jendearentzako egokia zen; zahar zein gazteek zuten tokia ibilaldian. Goizean, euri zaparrada gogor batek eman zien ongietorria parte-hartzaileei. Hori dela eta, erromeroek Urgullera igoera zertxobait atzeratzea erabaki zuten. Bitartean, Alde Zaharrean barrena ibili ziren, noiz atertuko zain.
12.45ean bazirudien giroak su-etena eman behar zuela, eta erromeriako segizioak Urgullerantz jo zuen. Maldetan gora, gaztelua eta bertako ondare historikoa bisita-tzen ari ziren turisten atentzioa erakarri zuten. Ez ziren gehiegi, baina euren txistu eta alboka soinuak nahiko nabarmenak ziren.
Piraten santutegia, atzokoan, Urgull mendiko Donejakue baterian ezarrita zegoen. Bertan eszenatoki bat, barra bat, komunak eta talo postu bat eta guzti aurki zitezkeen. Antolatzaileek lan bikaina egin zuten: guztiak, baina batez ere talo postuak, benetan kutsu tradizionala baitzuten.
GIROA LAGUN Arratsalde parterako giroak hobera egin zuen, eta honek jende gehiago erakarri zuen Piraten santutegiko erromeriara. 14.00ak aldera bertaratutako erromeroek bazkaldu egin zuten, norberak etxetik ekarritako jakiekin, alajaina. Bertsolarien laguntza ezin hobea izan zuten digestioa egiteko.
Bazkal ostean haurrentzako jolasak egon ziren, eta antolatzaileek gaztelu puzgarri bat eta guzti igo zuten Urgull puntara. Umeek bai erantzun ziotela deialdiari, eta primeran pasatzeko aukera izan zuten, talo eta musika artean jolasean. Azkenik, eguna borobiltzeko, eta festa tradizionalaren ildoa jarraituz, Piratek erromeria berbena batekin itxi zuten. Dantzaldiak jarri zion amaiera nahiko kaxkar hasi zen egunari, baina zorionez azkenean ongi amaitu zenari.
GAUR EGUN HANDIA Piratek gaur ospatuko dute euren egun handia, programako ekintza nagusiarekin, Abordaiarekin, alajaina. Ekintzak goizeko 8.00etatik aurrera izango dira, orduan hasiko baita baltsen muntaketa. Hau hiru tandatan egingo dute, 300 bat taldek eman baitute izena aurten. Aipatutakoaz aparte, 10.00etan eta 12.00etan ere egongo da aukera ontzien eraikuntzan aritzeko.
13.30ean bazkari herrikoia egingo dute, arratsalderako indarrak hartzeko. Ondoren, aurtengo Abordaia 17.00etan hasiko da Donostiako portutik. 19.00ak aldera kalejirak girotuko ditu Alde Zaharreko kaleak, eta azkenik Piratek Trinitate plazan duten gunea 21.00etan irekiko dute jaiarekin jarraitzeko.