Azpeitia. Urola Kostako Landa Garapenerako Urkome elkarteak eskualdeko ekoizleak eta bertako produktuak sustatzeko liburuxka bat kaleratu berri du, Urola Kosta Natural-Naturala izenburupean.

Urkometik azaldutakoari eutsiz, liburuaren ezaugarri nagusienetarikoa "produktuak eta turismoa bat egiten dutela" da. Honela, "eskualdeak duen ezaugarri nagusia ardatz harturik, landa eremuan landu, ekoiztu eta saltzen diren produktuak ezagurazi nahi izan ditugu".

Urkomeko arduradunek atzo aurkeztu zuten hainbat helbururekin kaleratutako argitalpena. Horien artean ondorengoak nabarmendu daitezke: "Eskualdeko produktuen barietate eta kalitate aberatsa ezagutaraztea; bertako produktuak prezio duin batean saltzeko bide berriak irekitzen laguntzea; bertako produktuen kontsumoa eta ezagupena areagotzea eta komertzializazio bide laburrak sustatzea".

Liburuxka Urkomen edo eskualdeko udal, turismo bulego, eta nekazal bulegoetan eskuratu daiteke.