Síguenos en redes sociales:

Lezoko Udalak milioi bateko soberakina izan du 2009an

Hirigintza salmentei esker aurreko urtean izandako defizitari buelta eman dio

Lezo. Haritz Salaberria Lezoko alkateak eta Jon Legorburu zinegotziak atzo agerraldi batean jakitera eman zutenez, Udala 2009. urtea milioi bateko soberakinarekin amaitu du. Emaitza hau iaz hartutako erabaki ekonomikoen ondorio dela adierazi zuten.

"2008ko datak oso txarrak izan ziren, Lezoko herria Gipuzkoako zorpetuena izan zen 1,5 milioi eurotako zuloa izan zuelako", gogorazi zuen alkateak. Datu kaxkar hau momentu horretan Udalak futbol zelaia eraikitzeko bertako lurjabeei egindako ordainketengatik eta Salvako partzela bat berriz beregana-tzeko egin zituen erosketengatik izan zela argitu zuen.

Alabaina, era berean, 2009. urtean lortutako koltxoia hirigintzako sarrera "extra" batzuei esker agertu dela adierazi zuen. Oraindik hainbat partzelen salmentak pendiente dauzka Udalak diru gehiago erdiesteko, baina oreka presupuestario mantentzeko oso zuhurrak izaten jarraitu beharko dutela aurreratu zuen.

"Datozen urteak latzak izango dira, tasak eta zergak ez ditugu murriztuko, baina erabaki drastikorik hartzea ere ez dugu aurreikusten", esan zuen.