Síguenos en redes sociales:

Gurekin Jaik txosna gunean parte hartzera gonbidatzen ditu Zarauzko eragileak

bilera irekia egingo du festa batzordeak bihar eta igandean herritarrekin bideoklip bat grabatuko du

zarautz. Zarauzko Gurekin Jai festa batzordeak (gurekinjaizarautz@gmail.com) txosna gunean parte hartu nahi duten herriko eragileei "atea irekita dutela" jakinarazi die eta interesa duten herriko kirol, kultur edo gizarte taldeei animatzeko dei berezia egin die. Guztia antolatzeko, gainera, bilera zabala egingo du bihar batzordeak, 18.00etan hasita, Munoa plazan.

Bihar arratsaldeko bileran ondoko gaiak landuko dira: jai batzordearen egoera; abian jarrita dauden lan ildoak eta sanpelaioetako egitarauaren proposamena. Ekarpenak ere jasoko dira.

Bestalde, San Pelaio jaiak alaitzeko abestiaz gain, aurten bideoklipa grabatzeko asmoa azaldu du Gurekin Jaik. Baina ez omen da izango, ordea, ikusteko bideoklip soil bat. Herritarrek zuzen-zuzenean parte hartuko duten grabaketa baizik. Honela, bideoklipa egiteko igande honetan 16.30ean Munoa plazan elkartzeko deia egin diete bizilagunei. Herrian zehar ibilbide bat egingo dute eta bertan herritarrak agertuko dira etengabe eta "ezustekoak" ere izango dira. Lipdub izenarekin ezaguna den estiloan grabatuko dute, sekuentzia bakarrean ibilbide guztia eginez; horrela, lan "jendetsu, alai eta erritmoduna" lortuz.