"gizon fina, bakezalea eta eskuzabala zen". Hitz horiekin gogoratzen du Gurutz Aranagak bere aita Antonio Aranaga Auntxa. 1910. urtean jaio zen trikitilaria Urrestillan (Azpeitia). Duela zortzi zendu zen, 92 urterekin.
Bizitza luzea izan zuen Auntxak, eta bizi zen moduan hil zela oroitzen du Aranagak. "Urte mordoa egin ditut nik kanpoan, Mallorkan, eta lasaitasun handia dut, aitak utzi gintuen egunean ni etxean, Urrestillan, nengoelako. Gogoan dut oraindik azken hatsa egin aurretik nola mugitzen zituen behatzak, trikitixa jotzen arituko balitz bezala", azaldu du.
92 urtek luzerako ematen dute eta bizipen mordoska izan zituen Auntxak. "Sakabi eta Elgetarekin batera, trikitixak egun Gipuzkoan duen presentziaren eragileetako bat izan zen eta, horrez gain, Iparraldera joan zen lehen trikitilaria ere izan zen", aipatu du haren semeak.
Hamabi urte ingururekin izan zuen soinuarekin lehen hartu-emana. "Azpeitiako Giberteneko dendako erakusleihoan zegoen trikitixa txiki bati begira-begira egon ei zen, hura erosi nahian. Hala ere, zortzi duro balio zituen, garestiegi hamabi urteko mutil kozkor batentzat", ekarri du gogora Aranagak.
Hala ere, ez zuen amore eman eta, behin, etxera bueltan, sosak gorde-tzen zituen itsulapikoa hartu zuen, nahikoa diru izango ote zuen begiratzeko. "Azkenean eskuratu zuen trikitixa, baina amari garestiegi irudituko zitziolakoan, egiatan ordaindutakoa baino hamar pezeta gutxiago pagatu zituela aitortu zuen. Eta, hala ere, amari garesti iruditu!", aipatu du.
Hala ere, hura hasiera besterik ez zen izan, bizitza erdia baino gehiago eskaini baitzion Auntxak trikitixari, Euskal Herri osoko erromeriatan eta festetan barrena, hauspoari eraginez eta kaleak alaituz. "Garizuma izaten zen egunik tristeena aitarentzat, ez baitzuen jotzerik izaten. Gaztea zenean, amak giltzapean gorde behar izaten zuen trikitixa...", adierazi du umoretsu Araganak.
Zestoatik Iruñara
Hauspoari eraginez
Etengabekoa izan zen, hamahiru urte inguru zituenetik, Auntxarean agerraldiak ezkontza eta erromerietan (Zelatunen iraileko igandetan, Urretxun...). Lehenetakoa izan zen, besteak beste, Zestoan, Joxe Gurrutxaga Txokolorekin, "urtero bainuetxeko neskame eta zerbitzariek urtean jasotako propinekin antolatzen zuten jaialdian izan zuen agerraldia", gogoratu du.
Horrez gain, Iruñeko sanferminetara ere 50 urtetan jarraian joan zela gogoan du Aranagak. "Kuadrilarekin joaten zen, 30 bat lagun guztira. Diru poltsa jartzen zuten guztien artean, eta bat hautatzen zuten hura garraia zezan. Urte batean, nire anaia zaharrenak hamabost urte zituela, haiekin eraman zuten", esan du. "Hiru edo lau egun beranduago, bueltatu zirenean, lehengo 3.000 pezeta geratzen ziren poltsan, eta banatzen ibili beharrean (oso gutxi izango baitzen bakoitzarentzat), anaiari eman zion aitak soberan zegoena. Eskuzabala zen, inondik-inora ere!", esan du Aranagak.
Hala ere, beste hainbat abentura ere bizi izan zituen Estatuko herrialde ezberdinetan barrena, Mallorkan esaterako. Hainbat eta hainbat oroi-tzapen gordetzen ditu Gurutz Aranagak bere aita bisitan hara joaten zitzaionekoak. "Ia 20 urtetan errenkan joan zen ni ikustera, eta bertan ere bere txokoa eta giroa egitea lortu zuen", aipatu du Aranagak. "Soinua berarekin eramaten zuen eta zur eta lur uzten zituen hoteleko bezeroak bere musikarekin, Europa iparraldekoak batez ere, sekula lehenago entzun ez zituzten doinuak baitziren haiek", erantsi du.
Modu berean, Balearretako irletara joaten zenean, egunero arrantza egitera joateko ohitura zuen Auntxak. "Arrain bila joaten zen egunero eta, inguruan, lanak egiten ari ziren igeltseroekin harremana egin zuen. Arrantzarako esertzen zen harrian igeltsozko plaka bat jarri zioten, erosoago egon zedin", oroitzen du Aranagak. Egun ere, plaka horrek bere horretan dirau, osorik, duela mende laurden bat inguru utzi zuten lekuan.
"Auntxa"
Tradizioko goitizena
Aranagak oraindik ere gogoan du zer bere aitaren ezizenaren jatorria. "Azpeitiko Landeta auzoko sagardotegian bildurik omen zeuden nire birraitona eta beste hainbat lagun", aipatu du. "Garai hartan, sagardotegietan biltzen zirenetan ohitura handia zuten apustuak egiteko. Sagardotegietako mahaiak oso altuak izaten ziren eta bertan bildutakoren batek esan omen zuen ea nor ote zen gai mahaira igotzeko jauzi bat emanda", erantsi du.
Banan bana egin zuten salto, eta Gurutz Aranagaren birraitonari txanda iritsi zitzaion. "Hark bi mahai prestatu zituela kontatzen dute, salto batekin lehenengora igo zela eta, beste batekin, bigarrenera. Harriturik, gertaturakoa ikusi zuen batek zera esan omen zuen: Hau dek ahuntza hau!", gehitu du. Eta, huraxe da egun ere Aranagatarrek mantentzen duten izengoitia.
Auntxa trikitixa eskola
Egun, Irunen
Baina iragana emankorra izan bai-tzen, oraina eta etorkizunak bere horretan jarraituko dutela dirudi. Izan ere, Auntxak hasitako tradizioari egun ere heltzen diote bere ondorengo Añaki, Amalur, Aroia eta Iñaki Aranaga eta Axier Olaizolak, Auntxatarrak izenpean, trikitixa eta panderoarekin, herrietako giroa eta plazak alaitzen baitituzte. Horrez gain, Irunen ere Auntxa Trikitixa Eskolak martxan dirau.
Auntxaren jaiotzaren mendeurrena bete berri denean, badirudi trikitilari urrestillar honen izena luzaroan ez dutela ahaztuko. Izan ere, duela hilabete, soinujolearen tokirik maitatuenetako batean, Auntxa erretegi ondoan, hain zuzen ere (soinujoleak emaztearekin batera duela 61 urte eraiki zuena), oroigarri gisa plaka bat jarri baitzioten.