GOIERRI eskualdeari buruz galdetzen badigute, Joxemiel Barandiaran antropologoa edo Txindoki mendia etorriko zaizkigu burura. Baita Segura Irratia ere. Izan ere, komunikabide hau dagoeneko eskualdeko sinboloetako bat da. Duela 50 urte baino gehiago sortu zen eta ordutik etxe askotako sukaldetan entzuten da. Baina zergatik sortu zen Segura bezalako herri txiki batean? Zer ibilbide osatu du urte hauetan guztietan? Irratian ia 40 urte daramatzan Nikolas Iparragirrek galdera horiek eta beste batzuk erantzun ditu.
Segura Irratiak 1956ko apirilaren 2an emititu zuen lehenengoz. Sor-tzailea On Zesareo Elgarresta apaiza izan zen. Gizon hau bergararra zen, baina Seguran erretore izan zen. "Irratiaren helburuetako bat espirituala zen: meza, arrosarioa… ematen ziren. Beste xedea bertako albisteak eta oharrak eskaintzea zen. Izan ere, garai hartan errepide nagusitik aparte dauden herrietako bizilagunek ez zituzten egun mugitzeko dituzten erraztasunak", azaldu du Iparragirrek. Hasiera-hasieratik euskaraz emititu zuen gehienbat. "Non gauden kontuan hartuta, Elgarrestak entzuleengana hurbiltzeko euskara ezinbestekoa dela argi izan zuen". Apaizak laguntzaile asko izan zituen. "Ideia berea izan zen, baina Segurako eta inguruko herrietako jende askok lagundu zion".
Garai bateko kontuak
Suediako entzuleen gutunak
Hasieran Segura Irratiak uhin ertainen bitartez emititzen zuenez, urrutira heltzen zen. "Helburua Goierri eta ingurukoei zerbitzatzea izan da beti, baina Suediatik-eta gutunak bidaltzen zituzten irratia entzuten zutela esanez. Urrutira helduz gero hobe, baina garrantzi-tsuena goierritarrengana ondo iristea izan da beti".
Helburua ez da beti lortu, baina ez ahalegina eskasa izan delako. "1964an irrati hau eta tankerako beste batzuk itxi egin zituzten. Orduko legedia ez zutela errespetatzen eta legezkoak zirenen seinaleak interferitzen zituztela aipatu zuten. Segura Irratia itxita egon zen 1964tik 1972ra bitartean. 1972an berriro hasi zen eta 1977an legeztatu egin zen. On Zesareo 1980an hil zen eta lekukoa bere iloba batek hartu zuen: Jose Elgarrestak. Hau ere apaiza zen".
Garai haietan Segurakoa zen eskualdean gehien entzuten zen irratia. "Gainontzeko emisorek zailtasun tekniko handiak zituzten hona iristeko. Hori dela eta, Goierrin oso irrati-etxe gutxi entzun zitezkeen. Gainera, besteek ezin zuten gertutasuna eskaini. Segura Irratia asko entzuten zen eta egun ere entzuten da. Hori bai, eskaintza lehen baino askoz ere handiagoa dela kontuan izan behar da".
Hala, ez da harritzekoa kezkati agertzea etorkizunaz galdetzen zaionean. "Alde batetik kezkatuta gaude, baina bestetik ilusionatuta eta itxaropentsu. Guk ere krisia sumatzen dugu: eskaintza lehen baino zabalagoa da eta tarta ez da handitu. Estruktura handi bat sortuko bagenu, gutxi iraungo genuke. Hori dela eta, denok denetik egin beharra dugu. Dena den, itxaropentsu azaltzeko arrazoiak ere baditugu: ibilbide luzea osatu dugu eta Segura Irratia maitatua dela uste dugu. Gure entzuleei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzen saiatzen gara".
Lantaldea 15 bat lagunek osatzen dute. Horietatik bi soldatapean daude eta gainontzekoak laguntzaileak dira. Iparragirre irratiko zuzendaria da, baina sekula ez du soldatarekin lan egin. "1998an On Jose hil zen eta niri suertatu zitzaidan talde-burua izatea", azaldu du.
Nikolas Iparragirre zuzendari zela irratiak bere 50. urteurrena ospatu zuen. "2006. urtea oso berezia izan zen. Ez genuen ospakizun handirik egin, baina kontuan hartzeko data izan zen: 50 urte ez dira egunero betetzen! Festa handi bat antolatu beharrean, urte hauetan guztietan gu entzuten egon diren guztiei eskerrak emateko aprobetxatu genuen", amaitu du.
Izan ere, Segura Irratiak entzule fidel asko ditu. Horietako bat Gorka Santesteban zumarragarra da. 30 urte ditu eta aspalditik entzuten du Goierriko irrati hau. "Garai batean goizero, arratsaldero eta gauero en-tzuten nuen. Egun Kalejira saioa jarraitzen dut batik bat. Aspalditik deitzen dut saio honetara abestiak eskatzeko".
Saio honen eta gainontzekoen eraginez, egun Santesteban irrati zale sutsua da. Hala, bera ere esataria da: ostiralero irratsaio bat aurkezten du Urretxu eta Zumarragako KK in"zona irratian. On Zesareo Elgarrestak hasitako lanari esker, Goierri inguruan beti dago gertuko ahotsen bat entzuteko aukera.