Síguenos en redes sociales:

"Arin apaiza kontziente zen mundu bat galtzera zihoala eta berreskuratu nahi zuen"

Izaskun Egigurenek Juan Arin apaiz ataundarraren bizitzaren eta lanaren inguruko lana aurkeztu zuen atzo iaz Ataun Ikertzen beka eskuratu ostean. Euskal toki izenak eta hitzak berreskuratze aldera, Arinek egindako lana bildu eta azpimarratu du bere lehen liburuan

"Arin apaiza kontziente zen mundu bat galtzera zihoala eta berreskuratu nahi zuen"

beasain. Don Juan Arin apaiz ataundarra (Don Juan Txiki bezala ezagutzen zuten herrian) 1892. urtean jaio zen Ataunen eta 1972an hil zen toki berean. Herriarengatik eta herriarentzat lan egin zuen eta hala ezagutu zuten bere garaikideek.

Zer topatuko dute irakurleek zure lanean?

Liburu hau Don Juan Txikiren bizitza eta obraren inguruko lan bat izango da alde batetik, eta bestetik, berak idatzi zituen artikuluetan agertzen diren izenen zerrenda. Leku izenena eta euskarazko hitzena, batez ere. Ataungo parroko izan zen, apaiz laguntzaile izan ostean. Baina, bere bizitza interesgarria bada, herriaren inguruan, Ataunen inguruan egin zituen ikerketa lanengatik da. Batez ere Ataungo toponimia aztertu zuen eta horregatik da hain garrantzitsua gizon honek egindako lana. Oso kontziente zen hitz horiek, bai leku izenak eta euskarazko izenak, galtzera zihoazela. Mundu bat amaitzera zihoala, garai bateko mundu bat. Eta horiek guztiak jasota utzi nahi izan zituen, batez ere leku izenak.

Nola lan egin zuen?

Berak herriko txoko guztiak pasa zituen oinez; bere lanetan agertzen den toki izen bakoitzean egona da bera. Bere apaiz lanez gain, denbora librean mendian ibiltzen zen, batarekin eta bestearekin hitz egiten eta herritarrei galdetuz, bere ikerketa lana aberasteko. Hori zen bere helburua, leku izen guzti horiek jasota uztea.

Egungo ataundarrek ezagutzen dute?

Ezagutuz gero entzutez ezagutzen dute. Nik etxean entzun nuen bere inguruan baina ez nuen ezagutu, bera hil zenean jaio nintzen. Garai bateko jendeak, egun 60 urte dituztenek gogoan dute, txikiak ziren arren, bere irudia. Konfesioak nola egiten zituen, oso barkabera zela? Baina, egin zuen ikerketa lanagatik baino, bere apaiz lanagatik ezagutzen dela esango nuke. Izan ere, ez zen zer egiten zuen esaten ari- tzen zen pertsona bat. Baina, herrian bazen Don Juan txiki jakituna eta oso langilea zenaren ustea.

Joxemiel Barandiaran herrikidearekin konparatua izan da beti.

Bai, hala da. Joxemiel bere auzokidea izan zen, biak San Gregoriokoak ziren. Bera izan zen hain zuzen ere hasieran Don Juanen lanean eragina izan zuena. Gasteizko apaiztegian ezagutu ziren eta auzoan ere elkarrekin ibiltzen ziren. Joxemiel Iparraldera joan zen gero eta Arinek bakarrik jarraitu zuen lanean. Baina, hasieran, berak ere aitortu zuen, Joxemiel izan zela bere irakasle edo gidaria. Joxemielen lana Euskal Herrira begira egindakoa da. Arinena, berriz, Atauna begira. Ez zen ia Ataundik atera bere bizitza guztian.

Bete ote zituen hitzartutako helburuak berak nahi bezala?

Ez dakit. Azken unera arte aritu zen lanean, ia hil zen ordura arte. Horrek esan nahi du gehiago ere bazuela egiteko. Familiak oraindik gogoratzen du erretiratu zenean San Gregoriora itzuli zela bizitzera, Teilazpira, bertan nola mahai txiki bat zuen eta nola han aritzen zen beti lanean. Oso argi egon zen hil artean. Baina ni ziur naiz ahal izanez gero lanean jarraituko zuena. Ez zuen inondik inora pentsatu bere lana amaitu zenik.

Zure lehendabiziko liburua da hau.

Bai, hala da. Oso esperientzia polita izan da. Senarrak asko lagundu nau, bera filologoa da eta artxibo miaketetan ezinbestekoa izan zait, berak egin ditu ia guztiak. Ni asko harritu nauena izan da, gizon hau herriko apaiz izanda garai bat galtzera zihoala eta berreskuratu egin behar zenaren inguruan zein kontziente zen. Berak askotan esaten zuen pena handia zuela lehenago jaio ez izanagatik. Hala, tradizio, istorio, izen gehiago berreskuratu ahalko zituen. Berak zioen euskal tradizio orala oso aberatsa dela eta garrantzia handia ematen zion jende analfabetoari. Baina, lan hau bide luze baten hasiera besterik ez da. Oraindik gauza asko geratzen da Joan Arinen inguruan egiteko. Nik oraingoz beste norbaiti pasako diot testigua.