Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (KEE) zenbatetan aldatuko den espainiar estatuko biztanleek Gabonetan egingo duten gastua argitara atera du. 2023tik 2024ra, gastu hori %8an murriztuko da, eta beste behin, diru kantitate handiena oparietan inbertituko dute biztanleek. Aurten, KEE-ren arabera, 683 euro gastatuko ditugu oparietan eta ospakizunetan, 2023an baino 62 euro gutxiago.

KEE-k egindako analisian, prezioen gorakada ere antzemango dela aurreratu du erakundeak. Azken urteotan inflazioa protagonista izan den testuinguruan, hainbat produkturen prezioek %5eko igoera izan dute aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, atzera begira egiten badugu, igoera nabarmena da, Gabonetako saskia ia %50ean garestiagoa delako 2015. urtearekin konparatuta. 

Afariak eta Gabonetako otorduak gastu handia izaten jarraitzen dute zenbaketa orokorrean. Hala ere, gastuak ere behera egin du. Janariaren kasuan, gastua 173 euro ingurukoa izango da; aurreko urtean, 178 eurokoa izan zen. KEE-k aurrekontuan izandako jaitsiera hori elikadura-gastua ez gainditzearen eta aukera ekonomiko eta jasangarriagoak bilatzearen kontzientzia handiagoaren isla gisa antzeman du.

Animalia-jatorriko elikagaien protagonismoa

Gabonetako otorduetan osagai izan ohi diren funtsezko produktua aztertzen ditu KEE-k, hala nola esneko arkumea edo bisigua. Ikerketaren arabera, ohiko 16 produktuetatik 10ek gora egin dute prezioetan. Adibide gisa, ostrak %19 igo dira, eta esne arkumearen prezioa %16 handiagoa da. Produktu askok maximo historikoak lortu dituzte aurten, adibidez, arkumeak, bisiguak, txahala edota ananak.

KEE-k urtero egiten duen azterketa honetan, Gabonetan mahaietan ohikoak diren urtaroko 16 produktu hautatu ditu. Aztertutako produktuen artean, noski, animalia-jatorriko elikagaiak dira nagusi: arkume haragia, txahala, bisigua edota askotariko itsaskiak.

Beganismoa aukera gisa

Marina Curto 33 urteko basauriarra da. Ogibidez ile-apaintzaile da, baina gustu eta bokazioz, edukia grabatzen du sare sozialetarako. Bere Instagrameko profilean (@maveggy.food) errezeta beganoetan oinarritzen da, baita bere bizimoduari buruzko dibulgazioan ere, elikadura beganoari buruzkoa.

2017an, animaliak jateari utziko ziola erabaki zuen; izan ere, berak kontatzen duenez, “zerbaitek esaten zuen hori ez zegoela ondo animaliak maite banituen”. “Nola liteke horiek jan ahal izatea?”, gehitu du Curtok. Hori da bere pentsamenduekin “kontraesankorra” izaten ari zela jabetzeko egin zuen galdera. “Ni inoiz untxirik eta arkumerik jan ez dudan pertsona bat izan naiz, adibidez, pena handia ematen zidatelako”. 

Posible al dira Gabon beganoak?

“Beganismoa pixkanaka sartu nuen, ez nuen aldaketa kolpetik egin”, esan du Marina Curtok. “Haragia eta arraina jateari uzten hasi nintzen, eta hiru urte geroago, arrautzen industriari buruzko bideo bat ikusi ostean, arrautzak kontsumitzeari uztea erabaki nuen”, gehitu du. Esnekiak izan ziren uztea gehien kostatu zitzaiona.

“Dieta aldaketa urrian egin nuen, beraz, Gabonak laster iritsi ziren”, dio Curtok. Familian barrez hartu zuten, baina, egia esan, berak filosofiaz hartu zuen, eta apurka-apurka platera beganoak jartzen hasi zen mahaian. “Gaur egun, nire familiak probatzen ditu, eta gauza batzuk gustatzen zaizkie”, dio Curtok. Ez ditu Gabonak une zailtzat gogoratzen, baina aitortu du urtetik urtera gehiago kostatzen zaiola, mahai horretan animali jatorriko elikagaiak daudela, eta, hark dioenez, “gero eta kontzienteagoa” da. Hau da, bere ezinegona ez dator plater beganoak gehitzeagatik, baizik eta mahaian animalia-jatorriko elikagaiak daudelako.

Gabon beganoetarako gomendioak

Gabonei begira, Marina Curtok “pertsona bakoitzak bere erara aurre egitea” gomendatzen du. Adibidez, pertsona batzuei ez zaie axola mahaian animalia-jatorriko elikagaiak egotea, baina beste batzuek horrelako otorduak edo familia-topaketak saihestea erabakitzen dute. Bere kasuan, saiatzen da izkina batean jartzen eta horrela saihesten du elikagai horien guztien erdian egoten.

Pate beganoa. Marina Curto

“Eta urdaiazpikoa ere ez duzu jaten?” edo “landareek ere sentitzen duten” ohiko esaldiak ere gogoratzen ditu. Gero eta gutxiago entzuten direla dio, baina lehen urtean gai nagusi bat izan ziren mahaian. Bere aholkua: iruzkin horiei kasurik ez egitea.

Egoera bakoitza “oso pertsonala da”, eta Curtok uste du “ez dela inor epaitu behar”, erabakitzen duena erabakitzen duela.