“Gure selekziora ofizialki joaterik ez dugun bitartean, hemen herri bat eta selekzio bat badagoela erakustea oso garrantzitsua da”
Euskal Selekzioak Palestinarekin jokatuko du larunbatean bi aldarrikapen nagusi eginez: ofizialtasuna eta palestinar herriarekiko elkartasuna
Euskal Selekzioak hitzordu historikoa du larunbatean Palestinaren aurka San Mamesen. 53.000 zale inguru espero dira harmailetan, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna eta palestinar herriarekiko elkartasuna aldarrikatzeko. Aulkian, Jagoba Arrasaterekin batera, Mikel Labaka azpeitiarra izango da. Reala utzi eta talderik gabe dagoen bitartean, ofizialtasunaren aldeko lanean dabil euskaldunon selekzioaren bigarren hautatzailea; nolanahi ere, argi dauka larunbateko partidaren foku nagusia "palestinar herriarekiko elkartasuna" erakustea izango dela. Kirol arloan, neurketa aurrera eramateko "oztopoak" eta "zailtasunak" izan dituztela dio, eta Euskal Selekzioa "bere sentitzen ez duten jokalari batzuk" badaudela aitortu du, nahiz eta horiek bere "errespetu eta babes guztia" duten.
Larunbaterako gogotsu?
— Bai, gogotsu nago. Badakigu neurketa berezia izango dela, lehenik eta behin, palestinar herriaren sufrimenduagatik. Nire ustez, futbola ere aukera ona da genozidioari stop esan eta palestinar herriari gure elkartasuna adierazteko. Bestetik, Euskal Herrira begira, aukera polita dugu herritarrok, hemen ere munduko mapan toki bat nahi duen herri bat badela esan eta irudikatzeko.
Jagoba eta zu, zergatik?
— Batetik, Jagobak beti erakutsi izan duen konpromisoa azpimarratuko nuke. Gaur egun, lehen mailako entrenatzaile batek daukan lan karga ikusita, eta jakinda momentu honetan emaitzak ez direla Mallorcaren aldeko izan, Jagobak erakutsi duen gogo eta konpromiso hori eredugarriak dira. Ni ere euskalduna izanda, Euskal Selekzioa gure herria ordezkatzen duen selekzioa dela sentitzen dut, eta niretzat horren parte izatea ohore handia da eta ilusioz hartu dudan zeregina.
Oso garrantzitsua da, baita ere, gazteenek ikusi eta irudikatzea gure herria selekzio batean ordezkatua egon daitekeela.
Bi urtez jarraian izango dugu Euskal Selekzioaren neurketa. Urtero jokatzen hasiko gara berriz?
— Maiztasuna garrantzitsua da, eta ofizialtasunaren aldeko bidean selekzioaren partidak jokatzea garrantzitsua da, guk geuk esku artean daukagun erreminta bat delako. Oso garrantzitsua da, baita ere, gazteenek ikusi eta irudikatzea gure herria selekzio batean ordezkatua egon daitekeela. Gure taldeetako eta gure sentitzen ditugun jokalari asko, gureak ez diren beste hainbat selekziotan parte hartzen ikusten ditugu, eta nahi gabe ere selekzio horiek gure sentitzera iritsi gaitezke modu ia naturalean. Horregatik, gure selekziora ofizialki joaterik ez dugun bitartean, hemen herri bat eta selekzio bat badagoela erakustea oso garrantzitsua da.
Ofizialtasuna eta palestinar herriarekiko elkartasuna
Aldarrikapenak, pluralean, egiteko eguna izango da.
— Bai. Batez ere bi aldarrikapen horiek, ofizialtasuna eta palestinar herriarekiko elkartasuna, jarriko nituzke. Ikusita palestinar herria zer nolako genozidioa jasaten ari den, dudarik habe lehenengo fokua hor jarri beharko genuke.
Ofizialtasunerako bidean urratsak eman nahi baldin baditugu, garrantzitsuena herria aktibatzea da eta herriak berak argi eta ozen esatea merezi duela toki propioa munduko mapan.
Espainiako Itzulian ikusitakorekin, itxura batean aldarrikapenek badute indarra eta eragina.
— Argi dago herrietan aldaketak emango badira, herriak bultzada egin behar duela eta bere nahia erakutsi egin behar duela. Ofizialtasunerako bidean urratsak eman nahi baldin baditugu, garrantzitsuena herria aktibatzea da eta herriak berak argi eta ozen esatea merezi duela toki propioa munduko mapan.
Ofizialtasunerako urratsak ematen ari direla uste duzu?
— Nire ustez garrantzitsuena herriaren aktibazioa da, baina halere hiru hanka ezberdin aipatuko nituzke: batetik, herritarrak eta kirolariak, eta haien gogoak zein indarraren garrantzia; bestetik, kirol federazioetan, gure kasuan Euskadiko Futbol Federakundean, indar eta nahi hori kanalizatzeko duten determinazioa eta gaitasuna; eta azkenik, politikariak. Hain zuzen ere, politikariek adi egin behar dute herriaren nahi hori bideratzeko eta dauden korapiloak askatzeko. Pentsatu nahi dut herri honetan badaudela herri eskaera hori bideratu nahi duten politikariak eta horretan ahaleginduko direnak.
Nolakoa izan da harremana Palestinako Futbol Federazioarekin?
— Bi plano ezberdinduko nituzke. Lehenengoa, alderdi humanoa da; galdetzea emozionalki nola dauden, beraien familiak nola dauden eta sufrimendu Ikaragarri hori nola daramaten. Alde horretatik, normala den bezala, erabat jota daude, baina aldi berean oso eskertuta egin diegun harrerarekin eta neurketa honekin; nire ustez, beraientzat ere aukera ederra da munduaren aurrean erakusteko Palestina badela herri bat eta beraien eskubideak babestu egin behar direla. Bestetik, kirolari dagokionean, beraientzat partida garrantzitsua da, ez da lagunarteko huts bat. Beraiek azaroaren 25ean Libiaren kontra jokatuko dute Arabiako Kopako kanporaketan, eta gure aurkakoa prestaketarako neurketa izango da.
Ez dago zailtasunik gabeko biderik.
Oztoporik izan duzue neurketa aurrera eramateko?
— Horrelako partiduak antolatzerako orduan beti izaten dira oztopoak, hemen ez dago zailtasunik gabeko biderik. Zorionez, aurrera egin nahi duen borondate eta konpromiso handiko jendea badago herri honetan, eta indar horrek oztopo guztiak gainditzen ditu. Oztopoak badaude eta egongo dira, baina nik uste dut konpromisoarekin eta determinazioarekin gainditzen joan gaitezkeela.
Badaude selekzio hau bere sentitzen ez duten jokalari batzuk ere, baina gure errespetu eta babes guztia dute.
Eta deialdia egiterako orduan?
— Gustura gaude osatutako deialdiarekin, datozen jokalariak lehen mailakoak direlako. Deialdia analizatzeko orduan, partidua testuinguruan jarri behar da: gizonezkoen lehen mailako egutegia oso beteta dago, eta saturazio horren erdian beste neurketa bat antolatzeak ilusioa sortzen badu ere, kezka puntu bat eragiten du klubetan eta jokalarietan. Beste partidu batek karga gehiago suposatzen du, lesioak izateko arriskua areagotzen du, eta kezka horiek ulergarriak dira. Hori esanda, hein handi batean ia jokalari guztiak ilusioz daude hona etortzeko. Badaude selekzio hau bere sentitzen ez duten jokalari batzuk ere, eta gure errespetu eta babes guztia dute. Ulertzen dugu beraien egoera eta errespetatzen eta babesten ditugu; era berean, gustatuko litzaiguke beste selekzio eta federazioek ere gauza bera egitea, eta jokalariren batek ez badu selekzio hori berea sentitzen, bertara ez joateko erabakia errespetatzea.
San Mames beteta espero da. Ilusioa dago.
— Dudarik gabe. Hau guztia kirol arlora ekarrita, kirolariak beti jokatu nahi izaten du beteta eta gogotsu dagoen estadio batean. Zer esanik ez, San Mames bezalako estadio batean eta 53.000 pertsonaren aurrean jokatzea, oso ilusionagarria da.