Joseba Etxeberria Eibarreko entrenatzaileak bihar Ipuruan hartuko duen Espanyolen aurkako partidaren atarian adierazi zuenez, bere iritziz Kataluniako taldea omen da denboraldi hasieratik Lehen Mailara igotzeko “faborito nagusia”(18.30ean).

Entrenatzaile gipuzkoarrak prentsaurrekoan aitortu zuenez, “jokoan hiru puntu daudelako partida guztiak garrantzitsuak badira ere, bigarren itzulian are eta garrantzitsuago bihurtzen dira eta zer esanik ez aurkari zuzenen kontra direnean”.

“Golaverage partikularra ere jokoan sartzen da; oraindik asko geratzen da, baina gero eta gutxiago. Puntu bakarrera gaude eta argi dakigu partida zeinen garrantzitsua den”, gaineratu du.

Zehatz-mehatz aztertu zuen Espanyol. “Kalitate handiko” jokalariak dituela esan zuen, barrutik jokatzeko “oin finekoak”, eta, horri esker, aurrealdeko jokalariek, arrisku egoera ugari sortzen dituztela.

Etxeberriaren esanetan, aurkariaren “bertsiorik onenari” aurre egiteko prest omen daude bere jokalariak. “Gure mailarik onena ematen ez badugu, ez diogu Espanyoli irabaziko”.

Bien arteko norgehiagoka “42 jardunaldietako partidarik garrantzitsuenetakoa” izango dela esan zuen, “seguruenez Ligako talderik onena hartuko dugulako etxean”; baina Eibar ondo omen dago, eta armaginen “sasoi betean” egokitu omen da partida.

Mailako talde golegile nagusi izanik iritsiko da Ipuruara Espanyol, beraz gipuzkoarrek “oso erne egon beharko dugu, kontzentratuta eta orekatuta”.

Talde kataluniarra sailkapeneko hirugarren postuan dago, armaginengandik bi puntu eskasera.

Lehen itzulian, Eibarrek larri larri eskuratu zuen puntu bat Espanyolen aurka. Jon Bautistak aurreratu zituen armaginak markagailuan, baina katalanek emaitza iraultzea lortu ostean, Espanyolekoek euren atean sartutako gol bati esker lortu zuten berdinketa eibartarrek.