Joseba Etxeberria Eibarreko entrenatzaileak argi adierazi zuen atzo, bolada txarrean etorri arren, bere taldeak ez duela larunbat honetan Ipuruan Levanteren “bertsio eskas” bat espero. “Duten guztia emateko intentzioarekin etorriko direla uste dugu, eta gure mailarik onena eman beharko dugu, bolada txarrean datozela jakin arren”, esan zuen Eibarreko entrenatzaileak hedabideei emandako prentsaurrekoan. Izan ere, Eibarren aurkariak bi puntu baino ez baititu eskuratu azken bost partidetan.

Levantek izan zituen bajak aipatu zituen entrenatzaileak bolada txar horren arrazoi bezala. “Etxetik kanpoko talderik onenetakoa izan da. Bisitan jokatzen duenean oso aukera gutxi eskaintzen ditu. Etxean erasorako lizentzia batzuk hartzen dituztenez, horrek, agian, zigortu egiten ditu”.

Bigarren Mailako taldeen bolada horiek kategoria horretako berdintasun handiari egotzi dizkio Joseba Etxeberriak, “talde guztiek izaten dituztelako dinamika onak eta txarrak”.

Entrenatzaileak gogora ekarri zuen Eibarrek hamar partida zeramatzala porrot egin gabe, eta Oviedon galdu ondoren, orain hiru daramatzala hiru puntuak irabazi gabe. “Maratoi honetan ondo egotea da garrantzitsuena, sentsazio onak berreskuratzea da. Partida horietan joko-une onak izan ditugu erasoan zein defentsan, baina une gozo horiek luzatzen ikasi behar dugu. Azken bi partidetan lehen zati onak eta bigarren txarrak egin dituztela onartu du elgoibartarrak, ez zaio iruditzen ordea, partidak gaizki amaitzen dituztenik, 75. minututik 90.era gol gehien sartu dituen taldea delako. Beraz, eibarreko entreztaileak bere taldearen bertsio hoberena espero du berde gainean.