Joseba Etxeberria entrenatzaileak partida “gogorra” espero du bihar Oviedoren aurka, asturiarrak “zalantzati” hasi baziren ere, “orain ongi” omen daudelako. Eibartarrek eta asturiarrek Nuevo Tartieren neurtuko dituzte indarrak arratsaldeko 16:15etik aurrera. “Oviedok gure mailarik onena ematera behartuko gaitu, baina Eibar ondo badago, edozein zelaitan irabazteko gauza gara”.

Jardunaldiaren atariko prentsaurrekoan, Etxeberriak argi adierazi nahi izan zuen “Oviedon entrenatzaile aldaketa izan dute eta orain jokatzeko modua oso bestelakoa da. Ondotxo dakigu Eibarren mailarik onena eskaintzera behartuko gaituztela”.

Entrenatzaile elgoibartarraren esanetan ez omen du bere futbol eredua aldatuko etxetik kanpo jokatzeagatik, eta “orekabila omen dabil taldeak “etxean eta kanpoan nortasun jakina izan dezan”; gainera, bi taldeen artean antzekotasun nahikorik badela onartu zuen, partidaren eta baloiaren jabetzaren “kontrola” izaten saiatzen direlako. Hain zuzen ere, hori izango omen da, bere ustez, partidaren gakoetako bat. “Baina kontroletik haratago, aukerak sortzea da garrantzitsuena, eta horretan saiatu beharko dugu. Ez ditugu pase hutsalak batu nahi, nahiz eta batzuetan hala egin behar den aurrera egin ahal izateko”.

Oviedok “presiolatza egingo diela uste du armaginen entrenatzaileak, baloia “oso ondo” mugitzen dutelako eta defentsaren bizkarrean “min egiten” saiatzen direlako.

Carrionek ekarritako emaitzei esker” Oviedo konfiantzaz gainezka dagoela azpimarratu zuen Etxeberriak; Izan ere, Carrionek aurkariek aukerak sortzea ekidin baitu, “partidaren kontrola” Oviedok berak eraman ohi duelako.

Bajei dagokienez, Quasmi taldearekin entrenatzen ari dela esan zuen entrenatzaileak, baina ez omen da ziurra deialdian sartuko denik, eta Rober Correa, erabat osatzeko azken txanpan dagoen arren, ez da garaiz iritsiko.

Oviedoko taldean, litekeena da Victor Camarasak eta Santi Cazorlak armaginen aurkako partida ez jokatzea. Oviedo hamalaugarren postuan dago.