Joseba Etxeberria Eibarreko entrenatzailearen ustez, hurrengo aurkari izango duten Albacetek, antzekotasun handiak ditu berak zuzentzen duen taldearekin.

“Joan den denboraldian ez bezala, sailkapenean egoera okerragoan dago, baina area barruan arazoak izan dituelako. Jokoari dagokionez, oso ondo dabil, oso talde landua da”, adierazi zuen Etxeberriak aste honetako jardunaldiaren aurreko prentsaurrekoan.

Albaceteren aurkako partidak “joan-etorri askotakoak” izaten direla azpimarratu du, eta horregatik ikusten omen ditu “antzekotasun ugari bien artean, bakoitzak bere ezaugarri propioak izan arren”.

Etxeberriaren esanetan, Valladolid 5-1 mendean hartu zuenaren antzeko Eibar ikusi nahiko omen luke, horrela jokatuz gero “normalena” irabaztea izango litzatekeelako.

Elgoibarkoa ez da fidatzen arerioaz, Albacetek “asko behartuko gaituelako maila fisikoan eta jokoari dagokionez, bat-batekoan irabazle izateko sena dutelako”.

Maila honetan “berdintasun handia” dago eta gauzak izugarri alda-tzen dira irabazten edo galtzen hasiz gero; inolaz ere, Joseba Etxeberriaren ustez garrantzitsuena, Eibar erakusten ari den “lehiatzeko gaitasun hori” demostratzea izango da.

“Bistakoa da taldeak gehiago nahi duela –gaineratu du–. Gure maila erakusteko aukera berri bat izango da; etxean jokatuko dugu eta partida handi bat egin nahi dugu gure jarraitzaileek gozatzen jarrai dezaten, eta jokaldi bakoitzean borrokatzeko gure betiko ideiari eutsiz”.

Elgoibarko entrenatzaileak aitortu duenez, taldearen eguneroko jardunean ikusten duena “asko gustatzen” omen zaio, hamaikakoan ohikoak direnak eta ordezkoak “prest” daudelako, eta laguntzera irteten direnek gero eta ekarpen handiagoa eskaintzen dutelako.

Aste luze hau mesedegarri izan omen zaie ondo egiten ari diren gauzak “aztertzeko”, horiek ondo finkatzeko, eta hobetu beharrekoak zuzentzeko.

Eibarren arerioa hamazazpigarren postuan dago, eta orain arte lau garaipen eta lau berdinketa erdietsi ditu eta bost partida galdu ditu.