Manchester United behartuta dago etxetik kanpo Tiraspol Sheriff-i irabaztera, gaur 18.45etik aurrera Moldaviako hiriburuko Chisinauko Zimbru Stadiumean jokatuko den partidan, Transnistriako Errepublikako taldeak ezin baitu etxean jokatu Ukrainako mugatik oso gertu dagoelako. Ez du beste aukerarik; Erik ten Hag-ek zuzentzen duen taldeak ezin du beste porrotik jaso, lehen jardunaldian Realaren aurka Old Trafforden galdu ostean, talde gipuzkoarraren europar mailako garaipenik garrantzitsuenetako izan zen hartan.
Aipatzekoa da, gainera, Sheriff taldea 0-3 gailendu zitzaiola lehen jardunaldi hartan, gaur Realaren arerio izango den Zipreko Omonia Nikosiari.
Beraz, izar guztiekin joan diren ingelesen garaipena ez beste guztia benetako danbatekoa izango litzateke eurentzat.
Gainera, Manchester Unitedek partida horixe bakarrik jokatu beharko du aste honetan, Premier Leagueko Leeds Uniteden aurka asteburu honetan jokatzekoa zen klasikoa atzeratu egin dutelako.