Portugalgo Clube Sportingen aurkako norgehiagoka jokatuko du gaur Realeko emakumezkoen taldeak arratsaldeko 18:00etan Zubietan. Natalia Arroyoren neskak nazioarteko aurkari baten aurka lehiatuko dira berriro, irailaren 9an eta 10ean hasiko den denboraldiari begira sasoi punturik onena topatu nahian.

Portugalgo taldearen aurkako partida horretan nazioarte mailako arerioa izango dute aurrez-aurre gipuzkoarrek. Lehia gogorra izatea espero da eta denboraldiaurrea prestatzen jarraitzeko oso baliagarria. Txapelketa ofiziala hasi aurretik Zubietan jokatuko den partida bakarra izango denez, ezustekoren bat ere egongo omen da partida amaitzean, talde txuri-urdinak berak iragarri zuenez.

Eta Realeko neskak berriro ere lehiarako prest izango dira larunbatean, emakumezkoen Lehen Mailako aurkaria den Deportivo Alavesen aurka jokatzeko, XIII. Euskal Herria Kopari dagokion partidan. Norgehiagoka 18:30etan izango da Guardian eta finalerako txartela nork eskuratu jokatuko dute.

Joan den asteburuan Bizkerre (0-7) eta Granadilla Teneriferen (1-0) aurkako lagunartekoetan lortutako garaipenen ondoren, txuri-urdinek emaitza onei eutsi nahi diete, gaurkoan talde portugaldarraren aurka lan polita eginez eta beste hainbeste larunbatean Alavesen aurka.

EIBARREK LAGUNARTEKO BI PARTIDA

Bestalde, Eibarrek ere bi lagunarteko jokatuko ditu aste honetan. Talde armaginak Tenerifeko Granadillaren aurka neurtuko ditu indarrak gaur Tafallan, 18:30etan hasita; eta igandean Depotivo de la Coruña izango du aurkari Asturiasko El Berron herrian, 17:00etan.

Kanariarrak Eibarren aurkari izango dira denboraldi berri honetan emakumezkoen Lehen Mailan, eta, horregatik, Estatuko futbolaren maila gorenean zer nolako maila emateko moduan ote dauden jakiteko oso lehia argigarria izan daiteke.