Natalia Arroyorenak Sentimendu Kopako finalean daude, atzo Taxoarren 3-2 Levante garaitu ondoren. Hasierako hamaikakoan berri ugari izan ziren. Santana hirugarren atezainak gipuzkoarren atea defendatu zuen, izan ere Adriana Nanclares 20 urte azpiko selekzioarekin presta-tzen ari da Munduko Koparako, eta Elene Lete lesionatuta dago. Mirandarraren antzera Mirari Uria, Ana Tejada eta Izarne Sarasola espainiar selekzioarekin entrenatzen ari dira. Atzo arratsaldeko lagunartekoa jokalari berriak berdegunean ikusteko froga aparta izan zen, entrenatzaile kataluniarrak Michaela Specht eta Alejandra Bernabé lehen hamaikakoan jarri zituen estrainekoz.

Txuri-urdinek azkar zulatu zuten valentziarren atea. Epaileak partidaren hasiera eman eta minutu batera Jensen norbegiarrak norgehiagokaren lehenengo gola sartu zuen, Gemma Giliren pase baten ondoren. Aurrelari txuri-urdinaren golak gorri-urdinak esnatu zituenbaina donostiarrak irmo aritu ziren Santanaren atea defendatzen. Edateko etenaldia baino lehen Carolina Férez aurrelari kataluniarrak area kanpotik zortea probatu zuen baina baloiak Santanaren eskuetan bukatu zuen. Lehen zatia amaitu aurretik, Allegra Poljak serbiarrak baloia zutoinera bidali zuen, Levanteko atzelaria erregate batekin gainetik kendu ondoren.

Bigarren zatian, Natalia Arroyok Nora Sarriegi, Aparicio eta Elene Viles zelairatu zituen Estrada, Arnaiz eta Allegraren ordez. Azken 45 minutuak hasi zirenean, Levante izan zen lehenengo minutuan gola sartu zuena, Érika Gonzalezek markagailua berdindu zuen. Reala ez zen makurtu eta berdinketa hausten saiatu zen. Txuri-urdinen kemenak saria izan zuen berriro ere Jensenen gol batekin. Realean hasi berri den Alejandra Bernabéren pase luzea, norbegiarraren hanketan bukatu zen eta aurrelariak Levanteko atezaina goitik garaitu zuen. Donostiarrak markagailuaren jabe zirela, Natalia Arroyok aulkia mugitu zuen, Etxezarretak, Jensenek, Santanak, Eizagirrek eta Spechtek zelaia utzi zuten eta Alazne, Maddi, Uranga, Maren eta Egiguren sartu ziren. Azken honek, hirugarren gola sartu zuen, atzelari batean ikututako jaurtiketa baten ondoren. Lagunarteko azken gola talde valentziarrarena izan zen. Holme aurrelari norbegiarrak sartu zuen, ezker hegaletik egindako jaurtiketa bat eta gero.

Hau da Natalia Arroyok atzoko partidan zelairatu zuen hamaikakoa: Santana (Alazne, 66 m.), Etxebeste, Etxezarreta (Uranga, 66 m.), Specht (Maddi, 66 m.), Bernabé, Arnaiz (Aparicio, 46 m.), Allegra (Arrula, 46 m.), N. Eizagirre (Maren, 66 m.), Gemma, Estrada (Nora, 46 m.) eta Jensen (Egiguren, 66 m.).

Realak Sentimendu Koparen finala jokatuko du bihar Real Madrilen kontra Taxoarren (13.00ean).