Txuri-urdinen denboraldiaurreko lehen lagunartekoa iristear dago. Natalia Arroyoren jokalariek Copa Sentimientoko finalaurrekoa jokatuko dute Levanteren aurka gaurko arratsaldeko 18.00etan Taxoarren (Iruñan). Hurrengo deboraldira begira, realzaleen zirrara pizteko erronka aproposa da.

Beste finalaurrekoa, Osasuna eta Real Madrilen artean jokatuko da 20.30ean. Realak bere lehen erronka gaindituko balu, finala igande eguerdian (13.00etan) izango litzateke. Arroyorenek, Levanteren aurka porrot egingo balute, hirugarren eta laugarren postua egun berean baina goizeko 10.30ean izango litzateke. Entrenatzaile kataluniarrak oraindik ez du jokatuko duten nesken zerrenda jakitera eman.

Atzo Ane Etxezarretak eta Nerea Eizagirrek hurrengo denboraldiaren eta jokatzear dagoen lagunartekoaren inguruan hitz egin zuten. Beasaindarrentzat gaurko partidaren helburu nagusia “sentsazio onak hartzea da”. Horregatik atzelari txuri-urdinaren ustez “ritmoa” hartzeko eta “aurkari zuzen” baten kontra jokatzeko froga da. Hurrengo denboraldia ortzimugan dagoela, Etxezarretak gogotsu itxaroten ditu Ligako lehen partidak: “Ilusioa beti dago, orain arte jokatu ez ditugun erronkak ditugu aurretik, baina beti hankak lurrean izan behar ditugu”.

Nerea Eizagirrerentzat gaurko norgehiagoka funtsezkoa da taldearen maila jakiteko: “Ligarako ondo prestatzen ari diren taldeen aurka jokatuko dugu, entrenatu duguna praktikan jartzeko partida da”. Jokalari txuri-urdinak aurreko urtean lortutako bigarren postuari garrantzi handia eman zion, izan ere bere iri-tziz Realarentzat Txapeldunen Liga jokatzea “berria” den eta “ilusioz” betetzen duen erronka bat da.

Arroyorenak gogotsu daude denboraldiari hasiera emateko.