Aitziber Albisu Haur Hezkuntzako koordinatzailearen esanetan, “Gure herria, Ordizia, jatorri ezberdineko biztanle kopuru handienetakoa duen herria da eta horren islada nabaria da gure geletan, une honetan hainbat jatorritako ikasleak ditugu (errumaniarrak, arabiarrak, pakistandarrak, marrokiarrak, senegaldarrak, hego amerikarrak...), beraien jatorrizko izaera pertsonal ezberdinak kontuan hartuz eta errespetatuz, euren aniztasuna eta ekarpenak aberastasun gisa hartuz eta bakoitzak dituen behar ezberdinei erreparatuz, euskal herritar izateko baliabideak eskaintzea da gure ikastolak duen helburuetako bat, kalitazteko hezkuntza inklusiboa bermatzea”, adierazi du.

Inklusioan ez ezik, bestelako arloetan ere urrats garrantzitsuak eman ditu ikastolak azkeneko urteetan, ikasle kopuruan, baliabideetan, teknologietan, instalazioetan... “Ez dugu ahaztu behar ikastola sortu zen garaian aintzindari izan zela metodologia berrietan eta gaur egun izaera horrekin jarraitzen dugu buru belarri lanean gure ikasleek etorkizunean izango dituzten erronkei aurre egiten eta erantzuten jakin dezaten”, azpimarratu du Albisuk. Jakintza ikastolak, gaur egun, 2 urtetik 18 urtera bitarteko 950 ikasle ditu.

Espazio eta egitasmo berriak

Albisuk esandakoaren arabera, azken bi urteetan inbertsio handiak egin dituzte ikastolan: “Bigarren hezkuntzako solairu batean espazio berriak sortu ditugu eta horretaz gain, Lehen Hezkuntzako eremu guztia berritu dugu zegoen egoitzari eranskin bat gehituz. Batetik, dugun espazio faltari aurre egiteko eta, bestetik, metodologia berriak aurrera eramateko behar ditugun espazioak egokitu eta sortzeko. Konfiantzaren pedagogian oinarrituta, gizartea aldatuko duten pertsonak heztea eta garatzea da gure eginbeharra. Horretarako, pertsona kritikoak, eraldatzaileak, euskara eta euskal kulturarekiko konprometituak, sor-tzaileak, etengabeko hobekutzaren bila dihardutenak... izateko bidean Proiektuetan Oinarritutako Irakaskuntza eskaintzen eta bultzatzen dugu”.

Bestalde, aurtengo ikasturtean egitasmo berri bat martxan jartzeko asmoa dute: baratzea. “Etapa arteko harremanak sustatzeko bide bat da baratze proiektua. Izan ere, Bigarren Hezkuntzako hautazko ikasgai batean Ordiziako azoka landuko dute ikasleek eta, horrekin batera, bara-tzea martxan jarriko dute. Ondoren, 5.mailakoek proiektuarekin bat egingo dute Baratzean ari, baratzeaz bizi egitasmoaren bitartez. Elkarlana bultzatzeaz gain, baditugu beste helburu batzuk ere: naturarekiko errespetua, bertako eta garaian garaiko produktuen ezagutza, lanarekiko konpromisoa, esfortzua, elikadura osasuntsua, talde lana, etab.”.