Euskal ekonomiak hazkundeari eutsi dio eta urteko hirugarren hiruhilekoan %2,2 hazi zen, iazko aldi beraren aldean, baina espero zena baino hamarren bat gutxiago da.
Hazkunde ekonomikoa eta enplegua
Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak ostegun honetan argitaratu du aurtengo hirugarren hiruhilekoari dagozkion kontuen aurrerapena, eta horrek ere egiaztatzen du igoera txikiagoa dela hiruhilekoen arteko terminoetan neurtzen bada, %0,4koa; izan ere, aurreko bi hiruhilekoetan Barne Produktu Gordina (BPG) %0,7 hazi zen, lehenengoa, eta %0,5, bigarrena. Enpleguari dagokionez, joan den udan %1,4 igo zen urte arteko datuetan, eta horrek esan nahi du 13.000 lanpostu baino gehiago sortu zirela lanaldi osoan.
Igoera hori euskal ekonomiak 2025eko bigarren hiruhilekoan izandako bera da, eta urteko lehen hiru hilabeteetan izandakoa baino hamarren bat handiagoa.
Hiruhilekoen arteko hazkundearen ehunekoari erreparatuz gero, hazkundea moteldu egin da, izan ere, urtarriletik martxora EAEko BPGa %0,7 hazi zen 2024ko azken hiru hilabeteetakoarekin alderatuta, eta apiriletik ekainera %0,5.
Sektoreka
Azken hiruhilekoetan gertatu den bezala, Euskadiko BPGd-aren urte arteko hazkundea, urteko hirugarren hiruhileko honetan, zerbitzuen sektorearen eta eraikuntzaren bilakaeran oinarritzen da batez ere.
Eustatek abenduaren 3an kontu bereiziak publiko egin arte itxaron beharko da sektore horien eta industriaren bilakaera zein izan den ikusteko. Izan ere, joan den hiruhilekoan urte arteko hazkundea oso txikia izan zen, %0,1ekoa soilik, eta %0,3ko uzkurdura hiruhileko arteko terminoetan. Aztertu ahal izango den beste alderdietako bat AEBk eta Europar Batasunak lortutako akordioaren ondoren abuztutik muga-zergen politikek izan duten eragina da.