Síguenos en redes sociales:

Moves III laguntza programaren deialdia sei hilabetez luzatu da Euskadin

Moves III laguntza programaren deialdia sei hilabetez luzatu da EuskadinGipuzkoa

2025eko ekainaren 30era arte mantenduko da indarrean ibilgailu elektrikoak erosi eta kargatzeko azpiegituren instalazioa sustatzeko Moves III laguntza programaren deialdia Euskal Autonomia Erkidegoan(EAE), EEE Energiaren Euskal Erakundeak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusiaren ebazpena asteartean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), abenduaren 31n, eta, hala, EAEn “garaiz eta behar bezala lortu dugu mugikortasun elektrikorako laguntza nagusiei indarrean eustea 2025eko lehen seihilekoan, hartara, mugikortasun iraunkorra sustatzen jarraitzea ahalbidetuz”. Horrenbestez, EEEk “legearen babesean eusten dio ingurumen, ekonomia eta gizarte printzipioetan oinarritutako mugikortasun eredurantz aurrera egiteko konpromisoari”.

“Gero eta nabarmenagoa da energia berriztagarrietan oinarritutako ibilgailuen aldeko joera, ibilgailu alternatiboak (hibridoak, elektrikoak eta gasa) saltzeak gero eta lur gehiago hartzen baitu”, adierazi du. Era berean, nabarmendu egin nahi izan du mugikortasun elektrikoaren euskal estrategia berriak “eragin handia” dakarrela balio erantsian, enpleguan, enpresen lehiakortasunean eta berrikuntzan.

Moves III diru laguntzen programa Europako Batasunak finantzatu eta EAEn EEEk kudeatzen duen Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da. Egitasmoaren diru zuzkidura 65 milioi eurokoa da; horietatik 35 milioi euro ibilgailu elektrikoak erosteko dira, eta beste 30 milioi euroak kargatzeko azpiegiturak ezartzeko. Orain arte, 17.400 laguntza eskaera jaso, eta horien artetik %91 ebatzi dituzte.

Laguntzak

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak Promociones y Pavimentaciones Balgorza SA enpresari esleitu dizkio Gasteiz eta Arabako Parke Teknologikoa lotuko dituen bizikleta bide berria eraikitzeko lanak; 2.082.304 euroan eta zazpi hilabeteko gauzatze epemugarekin.

Obrak 2025. urtearekin batera hasiko dituzte, eta azpiegitura berria uda amaitu aurretik martxan jartzekotan dira ondo bidean, foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Ibilbideak 5,5 kilometroko luzera izango du, ia batere desnibelik gabe, Arabako Parke Teknologikora sartzeko tarte txiki batean izan ezik. Gasteizko Udalak egokituko du Gamarra eta N-240 errepideen arteko bizikleta bidearen lehen zatia; bigarren zatia, berriz, N-240 errepidearen ondotik joango da, nagusiki ezkerreko aldetik Miñaorako noranzkoan, eta hori Arabako Aldundiak gauzatuko du.

Bizikleta ibilbideak led teknologiazko argiztapen sistema izango du, argi naturalik gabeko orduetan errazago erabili ahal izateko, urte osoan erabilgarri egon dadin, bai eta genero ikuspegiaren aldetik segurtasuna eskaintzeko ere. Erabiltzaileen presentzia detektatzeko teknologia ere izango du sistemak, ondorioz txirrindulariak bertatik igarotzen direnean baino ez da aktibatuko, energia eraginkortasunik handiena bermatu asmoz.

Datozen urteetan, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Arabako Bizikleta Bideen Sarea garatuko du, ohiko joan-etorri laburrak egiterako orduan bizikletaren erabilera bultzatzeko, esate baterako ikasketa eta lan zentroetara joan-etorriak egiteko garraiobide gisa erro-tzeko. Arabako Bizikleta Bideen Sarea hamaika bidek osatuko dute hasiera batean, eta kuadrilla guztietan zehar hedatuta egongo da.

Gasteiz eta Arabako Parke Teknologikoaren arteko bizikleta bide berria sareko bigarrena izango da –lehenengoa orain urte batzuetatik dago martxan, eta Dura eta Arroiabeko herriak lotzen ditu–, eta Arabako hiriburua eta 3.500 pertsona baino gehiagok lan egiten duten enpresa eremua lotuko ditu. Datozen urteetan, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak ibilbide berriak lizitatzen eta eraikitzen jarraituko du, bai hiriburuaren inguruan baita kuadrilletan ere.

2027. urtera bitarteko lehen fasean, bideen sarea garatzeko aurreikusitako inbertsioak 2,7 eta 3,5 milioi euro bitartekoak dira, hautatutako aukeraren gorabeheran. Kopuru horretatik 1,2 milioi Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatuko ditu, Euskadiko EGEF 2021-2027 Egitasmoaren esparruan.

Arabako Foru Aldundiak amaitutzat eman du aurrekontu parte har-tzaileen aurtengo edizioa, eta herritarrek aukeratutako hiru proiektu sartuko ditu 2025. urteko aurrekontuetan. Horrela, Gaubeako Villanueva eguneko zentroaren inguruan, Amurrioko Mendiko Eskola HLHIko patioan eta Arraia-Maeztuko Zumalde parkean jarduketak burutuko ditu foru erakundeak. Hain zuzen ere, Arabako Aldunditik jakinarazi dutenez, azken asteotan, beraien eskualdeetarako aurkeztutako proiektu erakargarrienen alde bozkatzeko aukera izan dute lurraldeko kuadrilletako bizilagunek; guztira, zortzi proiektu izan dituzte aukeran.