Adimen Artifiziala (AA) gizartean sartzeak jomugan jarraitzen du, gaur egun hartzen ari den eta Euskadiren etorkizunean har dezakeen garrantzia kontuan hartuta. Innobasquek, Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroarekin (BAIC) eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroarekin (BCAM) lankidetzan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIV. Astea inauguratu zuen astelehenean, Bilboko Azkuna Zentroan Global Innovation Day ekitaldiaren 13. edizioa ospatuz. Ekitaldi horretan AA izan zen protagonista. “Adimen artifiziala teknologia hori zehar-lerro bat da hainbat esparrutan, eta gizateriaren bilakaera modu sakonean aldatzera irits daiteke”, adierazi zuen Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak. Planteatzen diren gai etiko eta arautzaileak alde batera utzi gabe, Berrikuntzaren Euskal Agentziako buruzagiak adimen artifizialaren funtzioa nabarmendu zuen “berrikuntza prozesu askoren azeleratzailea” gisa, hala nola adimen artifizial sortzailea, Euskadiko tamaina eta sektore guztietako erakundeetan eragin handiko garapenak bultzatu dituen teknologia disruptiboa.
Ekitaldiak berrikuntzako euskal ekosistemako eragile ugari bildu zituen, enpresa, gizarte eta herri administrazioetako hainbat sektoretako bertaratuak, baita unibertsitateko eta LHko 125 ikasle ere, adimen artifizialeko berrikuntzako hogei bat kasu praktiko aztertzeko aukera izan zutenak. Guztitik, sei kasu praktiko hautatu ziren, Ariadna Grid, Eroski Taldea, Aita Menni Ospitalea, Osakidetzako Santa Marina Ospitalea, Tekniker, TREBE Language Technologies. Horietan guztietan, AAren zeharkakotasuna ikusi ahal izan zen. “Berrikuntza faktore giltzarria da etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, adierazi zuen Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, eta “trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala” funtsezko erronka gisa identifikatu zituen. Gainera, berrikuntza euskal enpresa-sarearen % 98 osatzen duten enpresa txiki eta ertain guztietara iristeko beharra azpimarratu zuen. Proiektu horretarako “erantzun bakarra inbertsioa da”.
I+G+Bko inbertsioa
Gaur egun, Innobasqueko presidenteak adierazi zuenez, Euskadiko berrikuntzaren egoerak “hazten” jarraitzen du, 2023an I+G+Bra bideratutako inbertsioa 2005 milioi eurotan zenbatetsita, 2022an baino % 11,7 gehiago. Hala ere, Manuel Salaverriak zehaztu zuenez, “oraindik bide asko geratzen da Euskadi nahi dugun lekuan egoteko, Europan berrikuntzaren arloan eskualde liderra izateko”.
Oraingo honetan, Innobasquek Ikerbasque, Nicola Molinaro eta Roman Orús ikerketa irakasleak gonbidatu zituen, adimen biologikoaren eta artifizialaren arteko antzekotasunei eta desberdintasunei buruz, teknologia kuantikoak adimen artifizialaren hizkuntza-ereduetan duen eraginari buruz eta neurozientziak adar teknologiko horri eta alderantziz egindako ekarpenei buruz eztabaidatzeko.
Ondoren, Iñaki Suarez BAICeko teknologia zuzendariak eta José Antonio Lozano BCAMeko zuzendari zientifiko eta UPV/EHUko irakasleak hartu zuten hitza. Suarezek adimen artifizialaren potentziala azpimarratu zuen, honela deskribatuz: "hurrengo industria-iraultzaren motorra da, eta aukera mugagabez betetako etorkizunari ateak zabaltzen dizkion giltzarria".
Giza faktorea nagusitzen da
Ildo berean, Lozanok honako hau gaineratu zuen: "Euskadin, nahiz eta ezin dugun zuzenean lehiatu Google edo Microsoft bezalako erraldoiekin, ekarpen esanguratsuak egiten ari gara beste zenbait arlotan; esaterako, bidezko ikaskuntzan (fairlearning). Horren helburua da algoritmoetan okerrak saihestea, eta denborarekin eboluzionatzen doazen ingurune aldakorretan ikasketa bideratzea”.
Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak teknologiaren lankidetza-funtzioa azpimarratu zuen, giza faktorea gailentzen baitzaio. “Adimen artifizialaren xedea da giza gaitasunak idartzea; kopilotu bat da; giza jakintzaz elikatzen dena giza talentua zabaltzeko”, justifikatu zuen. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérezek adierazi zuen Eusko Jaurlaritzarentzat berrikuntza “zeharkako estrategia” bat dela, “lankidetzatik” jorratuko dena.