Síguenos en redes sociales:

Estatuko BPG euroguneko batez bestekoa halako hiru haziko da

Aurten %2,9ra iritsiko dela aurreikusi du NDFk, Estatu Batuen gainetik, eta 2025ean % 2,1era

Estatuko BPG euroguneko batez bestekoa halako hiru haziko daE.P

Estatuko ekonomia %2,9 haziko da aurten Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera; beraz, joan den apirilean egindako aurreikuspena puntu bat igoko da eta uztailekoa bost hamarren. Aldi berean, 2025erako aurreikusitako %2,1eko hedapenari bere horretan eutsi dio.

Munduko Aurreikuspen Ekonomikoak izeneko txosten berriaren arabera, Espainiaren 2024ko jarduera ekonomikoa onena izan da NDFk aztertutako ekonomia aurreratu handien artean, hamarren bat azpitik geratuko den Estatu Batuetakoaren gainetik kokatu delarik. Gainera, euroguneko batez bestekoa hiru bider baino gehiagoan hobetu du. 2025ari begira, Espainiak bere pareko herri garatuen gainetik hazten jarraituko du, Estatu Batuen eta Kanadaren aldean pittin bat atzetik, baina oraindik ere eurogune osoan espero den %1,2aren oso gainetik. Epe luzeagoari begiratuta, 2029an estatuko BPGa %1,6 haziko dela iragarri du NDFk, moneta bateratuaren eremuan baino lau hamarren gehiago. Aurkeztutako dokumentuan agertzen denez, 2024an eta 2025ean munduko hazkundea %3,2an mantentzea aurreikusten du NDFk, jada apirilean aurreratutakoaren ildoari eutsiz.

“Aurreikuspenen arabera, hazkundea %3,2an mantenduko da 2024an eta 2025ean, egia bada ere, errenta baxuko eta garatzeko bidean dauden zenbait ekonomiatan beheranzko berrikuspen garrantzitsuak egin behar izan direla, kasu askotan, gatazkak areagotu izanari lotuta”, azaldu zuen Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ekonomialari buruak.

Kristalina Georgievak zuzentzen duen erakundetik azaldu zutenez, tentsio geopolitikoak gorabehera, munduko merkataritza BPGen mailen pare haztea espero omen dute, zehazki, %3,25eko batez bestekoan datozen bi ekitaldietan.

“Termino geopolitikoetan urrun dauden blokeen arteko merkatari-tzari eragiten dioten mugaz gaindiko murrizketek gora egin arren, munduko merkataritza-barne produktu gordinaren arteko erlazioak egonkor irautea espero da. Blokeen arteko merkataritza eta hirugarren herrialdeekiko merkataritza txukun konpentsatu dira orain arterakoan”, azpimarratzen da NDFren ikerketan.

Ekonomia aurreratuen kasuan, erakundeak funtsean eutsi egin die aurreko aurreikuspenei, eta apirilean eta uztailean jakinarazitakoarekin alderatuta, hamarren bat baino ez du hobetu 2024koa. Ondorioz, herrialde multzo hori %1,8 haziko da 2024an, eta beste horrenbeste 2025ean.

Aldiz, eurogunearen kasuan, hamarren bat jaitsi du uztailean NDFk 2024rako egindako estimazioa, %0,8ra arte, eta 2025erako aurreikuspena ere hiru hamarren apaldu du, %1,2ra arte.

Harrigarria bada ere, ekonomia nagusienen artean Estatu Batuek dakarte daturik positiboena; izan ere, euren BPGa %2,8 haziko baita 2024an, eta %2,2 2025ean. Beraz, uztailean uste baino bi eta hiru hamarren gehiago, hurrenez hurren. Garatzeko bidean dauden ekonomiei dagokienean, NDFk %4,2ko hazkundea aurreikusten du bi urte hauetarako, 2024rako aurreko iragarpenari eutsiz, eta 2025ekoa hamarren bat murriztuz. Talde horretako ekonomia garrantzi-tsuenen artean, erakundeak apaldu egin du Txinarentzako aurreikuspena, 2024rako hazkundea %4,8an kokatuz, beraz, bi hamarreneko murrizketa aurtengorako.