Europak bidegabeko kaleratzeen kalte-ordainen inguruan ezarritako kondenaren ondoren, Espainiar Estatu afera horri buruz zerbait egiteko premian geratu da. Kondenaren berri izan dutenean, kaleratzearen erreforma abian jarriko duela iragarri du Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak.

Kalte-ordainak

Aurrez zehaztutako muga oso goian ezarrita zuen kalte-ordainen Espainiar sistema irregulartzat jotzen zuen Gizarte Eskubideen Europako Batzordearen (CEDS) erabakiari buruz galdetu ziotenean, honakoa esan zuen Joaquin Perez Rey Estatuko Lan idazkariak atzo: “ezinezkoa da, enpresek euren nahieran norbait kalera-tzea, kapritxoz edota ongi datorkielako, norbait begiz jo dutelako edota lan orduetatik kanpo dei bati erantzun ez diolako”.

Langileen egoera pertsonala kontuan hartzearen alde agertu da Perez Rey, esate baterako adina edo familia-egoera. “Ez da gauza bera familia-kargak dituen norbait kaleratzea ala ez egitea. Eta ez da gauza bera prestakuntza-egoera jakin batzuetan dagoen norbait kaleratzea ala ez. Horrenbestez, CEDSren ebazpenak berehalako erreforma eskatzen duela uste dugu”, esan zuen Yolanda Díaz ministroak zuzentzen duen Ministerioko estatu-idazkariak.

Kaleratze-sistemak

CEDSren iritziz, Espainiako egungo kaleratze-sistemak Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua urratzen du, horregatik, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeko lantalde baten esku geratuko da auzia orain, eta, ezustekorik ezean, testu horrekin bat jartzeko gomendioa luzatuko du hilabete batzuetan.

Estrasburgon egoitza duen Batzordeak aldeko 13 botorekin eta kontrako bakarrarekin erabaki duenez, bidegabeko kaleratzeengatiko kalte-ordainaren mugek ez omen dute konpontzen “biktimak kasu guztietan jasandako kaltea”, eta ez omen dira “enplegatzaileari burutik kentzeko nahiko”.

Egin beharreko zehatzak emateko ohiturarik ez duten gomendio horiek ez dira juridikoki lotesleak estatuen-tzat, eskubide sozial nagusiak biltzen dituen testu hori izenpetzean dituzten betebeharrak gogoratzeko modua baizik.

Langileen estatutua

Espainiako Langileen Estatutuak 33 eguneko kalte-ordaina ezartzen du lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 24 hilabeteko soldatarekin. Horrez gain, lan egindako urte bakoitzeko beste 15 egun ere gehi daitezke, gehienez 12 hileko ordainsariraino, “berriz ez onartzeak edo berriro modu irregularrean hartzeak eragindako kalteak edota inguruabarrak kontuan hartuta”.

Laburbilduz, Estrasburgok onartu egiten du “arrazoi baliozkorik gabe kaleratutako langileek, kalte-ordain egokia edo beste konponketa egoki bat” jasotzeko eskubidea dutela. Bidegabeki -arrazoirik gabe-, lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko kalte-ordaina ematea, gehienez ere 24 hileko soldata, gainera, ez da nahikoa.

Europako Gutun Soziala betetzeari buruz berme gehiago emateko 1998tik indarrean dagoen errekurtso kolektiboko mekanismoa baliatuz UGT sindikatuak 2022ko martxoan aurkeztu zuen demanda baten ondorioz etorri da irizpen hori.