Brusela – Hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea mugatzen duen Espainiako jurisprudentzia Europako Zuzenbidearen aurkakoa da, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) atzo ebatzi zuenez; izan ere, gastu horiek ordaintzen direnetik kontatzen baitu preskripzio-aldia, erabiltzaileak bere eskubideak ezagu-tzen dituen eta errekurtsoa jartzeko denbora duen kontuan hartu gabe. Epai horrek zabaldu egiten du bezeroek bankuei gastu horiek itzultzea eskatu ahal izateko preskripzio-epeak luzatzeko aukera, klausula gehiegizkoa denean; izan ere, gortearen arabera, kontsumitzaileak aukera izan behar baitu bere eskubideak ezagutzeko, epea hasi baino lehen edo epea amaitu baino lehen, bai eta errekurtsoa aurkezteko denbora nahikoa ere.

Bartzelonako Probintzia Auzitegiak, Caixabanki, BBVAri, Banco Santanderri eta Banco Sabadelli erabiltzaileek erreklamatutako notario-gastuak, erregistrokoak eta hipoteka baten kudeaketakoak itzultzea eska-tzen zieten lau kasuri buruzko galderari erantzunez eman du erabaki hori EBJAk, haiek ordaintzera behartu zituen klausula gehiegizkoa eta, beraz, baliogabea zelakoan.

Itzulketa eskatzeko hamar urteko epea preskribatuta zegoela argudiatu zuten bankuek, baina lehen auzialdiko epaitegiak atzera bota zuen argudio hori, eta ordaintzera zigortu zituen. Hori dela eta, helegitea jarri zuten Probintzia Auzitegian, Sabadellen kasuan izan ezik, non epaitegiak arrazoia eman baitzion erakundeari eta, horretan, helegitea erabiltzaileek jarri zuten.

Orduan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari eskaera luzatu zion Bartzelonako Gorteak, abusuzko klausulei buruzko Europako zuzentaraua interpretatzeko, preskripzio-epea noiz hasiko den eta kontsumi-tzaile batek klausularen abusu-izaerari buruz zer ezagutza izan behar duen zehazteko.

Eman berri duen epaian, zuzentaraua Estatuko zuzenbidearen interpretazioaren aurka dagoela dio Europako Auzitegiak, horren arabera hamar urteko preskripzio-epea legokeelako gastuen azken ordainketa egiten denetik zenbatzen hasita, eta ez delako gainera ezinbestekotzat hartzen kontsumitzaileak gertakarien balorazio juridikoa ezagutzea.

Gorteak adierazi duenez, preskripzio-epe bat ezartzea, berez, ez da eraginkortasun-printzipioaren aurkakoa, baldin eta eskubideak egikari-tzea eragozten edo zailtzen ez badu, eta, horretarako, epeak “behar adinakoa izan beharko du”, kontsumi-tzaileak errekurtsoa prestatu eta jarri ahal izan dezan.