Duela gutxi 5.000 milioi euroren truke Zegona funts britaniarrak erosi duen Estatuko Vodafone-ren negozioaren kostuak murrizteko planak, operadorean kaleratzeak egiteko aukera planteatzen du, baita “errendimendu txikiko” dendak ixtea ere, inbertsio-konpainiak Londresko Burtsara bidalitako dokumentu batean adierazi duenez. Kaleratze posibleei dagokienez, langile kopurua murrizteko “berariazko egitasmo” bat ezartzeko aukera planteatu du konpainiak, gaur egun negozioaren diru-sarreren %7,1 suposatzen duten langile-kostuak jaitsi asmoz. Dendak ixteari dagokionean, berriz, Zegonaren esanetan Vodafonera bezeroak erakartzearen kostua 339 euro ingurukoa izan omen zen aurreko urte fiskalean, eta kopuru hori jaisteko hainbat aukera ba omen daude, besteak beste, “errendimendu txikiko” saltokiak ixtea eta kanal digitalak bultzatzea.

Zegonak aurkeztutako egitasmoan jasotako beste neurrietako bat, Telefónica, Orange eta MásMóvil enpresekin sare finkoko handizkako kontratuak berriro negoziatzea litzateke. Eamonn O ‘Harek zuzentzen duen funtsaren estrategiak “zor kobraezinak” ere aipatzen ditu; horretan espezializatutako agentzia bat azpikontratatzea proposatzen du, eta “kontrol handiagoak ezartzea” azter-tzen ari omen dira.

Kostuak murrizteko ibilbide-orriaren beste elementuetako bat telebistako edukien akordioak berriro negoziatzea izango da, baita Lowi marka erabiltzea abonatuen oinarria zabaltzeko eta telebistako edukien kostua bezero bakoitzeko 9,6 eurotik jaisteko. Horretaz gain, informazioaren teknologien urteko gastua murriztea ere proposatu du, gaur egun 102 milioi eurokoa delako. Vodafone Españaren kostuak arrazionalizatzeko Britainia Handiko funtsak identifikatu dituen beste elementu batzuk, “produktibitaterik gabeko teknologia-proiektuak” bertan behera uztea, eta konpainiak erabiltzen dituen “kostu handiko” zenbait zerbitzu ordezkatzea lirateke.

Sindikatuak Egitasmoaren txostenean, sindikatuak identifikatu ditu Zegonak operadorearen jarduerarako arriskuen artean. Eamonn O’Harek zuzendutako enpresaren esanetan, “Vodafone Españako langile batzuk hainbat sindikatutan afiliatuta daude, eta hitzarmen kolektiboetara atxikita. Beraz, (...) grebak eta bestelako ekintza batzuk pairatzeko arriskuan egongo da”. Ildo horretan, argi adierazi du erosketak eragin negatiboa izan dezakeela Vodafone Españak bere langileekin duen harremanean, batez ere indarrean dauden hitzarmen kolektiboak agortu eta berriro negoziatu behar direnean.

Zegonaren iritziz, litekeena omen da enpresaren eta lan-ordezkaritzaren arteko elkarrizketetan sindikatuen nahiak betetzen dituen akordio berririk ez lortzea, eta horrek lanuzteak, grebak edo antzeko ekintzak eragitea gerta omen daiteke. “Vodafone Españan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboak baditu hainbat betebehar eta murrizketa, langile-kopuruan doiketak egiterako orduan eragin negatiboa izan dezaketenak”, aipatzen da txostenean. Hori kontuan izanda, enpresa britainiarraren ustez, grebak, lanuzteak edo antzeko ekin-tzak geratuz gero, Vodafone Españaren jarduera nabarmen “kaltetuko” litzateke, eta ondorio kaltegarriak izango lituzke negozioan, egoera finantzarioan, emaitzetan eta konpainiaren aurreikuspenetan.