Google erraldoi teknologikoaren aurkako epaiketa atzo hasi zen Washingtonen, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ustez monopolio praktikak egiteagatik salatu ostean. Enpresa teknologikoak inoiz jasan duen mehatxu legalik handiena izango da. Prozesua Columbiako Barruti Auzitegian kudeatuko da, eta hamar aste inguru iraungo dituela aurreikusten da. Goi exekutibo teknologikoen, ingeniarien, ekonomialarien eta akademikoen testigantzak lagun, konpainia estatubatuarra Internet bidezko bilaketa-motorren lider nola bihurtu zen argitzen saiatuko dira.

Justizia Departamentuak hiru urte eman ditu auzia eraikitzen. Donald Trump errepublikanoa presidente zenean hasi ziren ikertzen (2017-2021), eta Joe Biden demokratak hartu zuen oinordetzan, 2021ean boterera iritsi zenean. Bere burua defendatzeko, enpresa teknologikoak ehunka pertsona kontratatu ditu, hiru abokatu-bulego botere-tsu, eta milioika dolar gastatu ditu ordainsari legaletan, The New York Timesek eta beste zenbait hedabide estatubatuarrek jakinarazi dutenez.

Justizia Departamentuaren arabera, Googlek legez kanpo birrindu zuen lehia, enpresei ordainduz bere bilaketa-motorra euren gailu eta plataformetan aurrez zehaztutakoa izan zedin, besteak beste, Appleri, iPhonean bere motorra hauta zezan. Gauzak horrela, Gobernuak salatu eta Estatuko 38 fiskal nagusik bat egin duten eskari horren arabera, Googlek monopolioa eraiki eta mantendu du akordio horien bitartez, kontsumitzaileei beste bilaketa-motor batzuk erabiltzea nabarmen zailduz.

Similarweb azterketa enpresak eskainitako datuen arabera, Estatu Batuetako bilaketa-motorren merkatuaren % 90 kontrolatzen du Googlek, eta mundu osoko % 91. Googlen esanetan, Applerekin eta beste konpainia batzuekin lortutako akordioak ez omen ziren esklusiboak, eta kontsumitzaileek erraz alda omen zezaketen beren gailuen konfigurazio lehenetsia beste motorren bat aukeratzeko.

Google-ko gai globalen arduradun Kent Walkerrek luzatutako ohar batean adierazi du enpresak, demanda edo salaketak “akats larriak dituela”, eta epaiketan frogatuko dela bilaketa-banaketarako hi-tzarmenek, “zerbitzuen kalitate-mailaren eta kontsumitzaileen lehentasunen arabera islatzen dituztela nabigatzaileen eta gailu-fabrikatzaileen aukeraketak”. “Pertsonei nahi dituzten produktuak lortzen lagun-tzea onuragarria da kontsumitzaileentzat, eta AEBetako monopolioen aurkako legeak beren-beregi babesten du hori. Hitz bitan, jendeak ez du Google derrigorrez erabiltzen, nahi duelako baizik”, aipatu du, aholkulari juridiko nagusia denez, enpresaren defentsaren ardura bere gain hartu duen Walkerrek.

Barack Obama presidenteak (2009-2017) 2014an izendatu zuen Amit P. Mehta epaile federalak emango du epaia, epaimahairik izango ez duen prozesu honetan. Hiru urte luzatu diren audientzietan ez du auziari buruzko iritzirik eman, nahiz eta aurreko hileko prozedura batean eskaria murriztu zuen; baina, betiere, Googlek fabrikatzaileekin lortutako akordioei esker bilaketen monopolioa mantendu zueneko argudioari eutsi dio.