Aurtengo lehen seihilekoari dagokion uztaileko Cepyme #LaPymeHabla Barometroaren arabera, enpresa txiki eta ertainen (ETE) %59,12k ezin izan dituzte salmentak altxatu 2023an. Hau da, hamar ETEtik seiri geldotu egin dizkio salmentak inflazioak.

Horrez gain, lau enpresa txiki eta ertainetik hiruk saihestu egin dute kostuen igoera azken prezioetara eramatea, azterlanean jasotzen denez.

Inolaz ere, ETEek ahalegin handia egin arren, salmentek behera egin dute kasuen %27an, eta enpresen %32an izoztuta geratu dira. Aldagai horiek kontuan izanik, kostuen igoerak eta salmenten gorakadarik ezak eragina izan dute enpresa-marjinetan.

Patronalak nabarmendu duenez, inkesta egin zaien ETEen %60k argi adierazi dute beraien enpresa-marjinak estutu egin direla, %13,1en bideragarritasuna zalantzan jartzeraino.

Enpresetan oso eragin desberdina duen susperraldi ekonomikoaren agertokia deskribatzen du txostenak, bai metatutako inflazioari eta gero eta handiagoak diren lan eta zerga kostuei, bai 2022ko azken zatian eta 2023ko hasieran kontsumoa ahuldu izanari erantzuten diena, esparru horretan osatugabeko susperraldia oinarri hartuta.

Neurriak

Hala eta guztiz ere, salmenta gehiago ez galtzeko helburuarekin enpresek inflazioari eusten lagundu dutela adierazi du Cepymek; kostuak igo arren, %36k prezioei eutsi dietelako, eta %41ek inflazioak baino gutxiago handitu dituztelako. Kasuen %2an, salneurriak jaitsi ere egin dituzte, txostenak dioenez.

Azterketa hori baliatu du patronalak, enpresek jasaten duten zerga-faktura eusteko edo arintzeko eskaria luzatzeko administrazio publikoei, eta, bereziki, gizarte-kotizazioen igoera. Enpresen gaineko presio fiskala handitzeko edozelako ekimenak bertan behera uzteko ere eskatu dute.

Urteko lehen hiruhilekoan salmentak enpresen %59,12an jaitsi edo gelditu arren, ETEen %19,5ek inflazioa gainditzeko moduko salmenten hazkunde-erritmo onak lortu dituzte, nahiz eta Cepymek ohartarazi “zaila dela kuantifika-tzea, zer zati zor zaion prezioen igoerari edo salmenta-bolumen aldakorrari”.

Bestalde, enpresa txiki eta ertainen %21,38k igoerak izan dituzte salmentetan, beti ere prezioen gorakada baino txikiagoak, eta soilik lautik batek aurreikusten du datozen 12 hilabeteetan salmentak handitzea.