Auto eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartearen (Anfac) 2022ko Urteko Txostenak jasotzen duenez, auto ekoizleek 767 milioi euroko irabazi garbiak izan zituzten Espainian 2022an; beraz, aurreko ekitaldiko 1.011 milioi euroko emaitza garbia %33 murriztu zaie.

Joan den urtean, Anfaceko fabrikatzaileek eta enpresa elkartuek 70.392 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten; %15,8ko gehikuntza erakusten du horrek, aurreko urtean fakturatutako 60.908 milioi euroen aldean.

Erakundetik nabarmendu zutenez, pandemiaren ondorioek, gerraren ondorioz hornidurarik ez izateak eta mikrotxipen krisiak baldintzatu dute datu hori, eta faktore horiek eragin nabarmena izan zuten ibilgailuen ekoizpenean eta matrikulazioan. Egoera ekonomikoa hobetu ahala, zifra horiek egonkortu egingo direla espero du sektoreak.

Atzo aurkeztutako dokumentuak azpimarratu duenez, 2022an automobil-fabrikatzaileek 1.700 milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuten, aurreko urtean baino %14,5 gehiago, Espainian kokatutako marken-tzat “lehentasun” bihurtu delako ibilgailu elektrifikatuari eta mugikortasun jasangarriari begirako industria-eraldaketa.

Anfacek azpimarratu egin nahi izan du, inbertsio horrekin estatuak berretsi egiten duela herrialdeak automobilgintzako industriagune-tzat duen garrantzia.

Autoen markek 62.341 pertsonako plantilla-bolumenarekin itxi zuten 2022. urtea Espainian, eta horrek %1eko igoera adierazten du 2021eko amaieran zituzten 61.704 enplegatuekin alderatuta.

Wayne Griffiths Anfaceko presidenteak txostenean idatzitako gutun batean azaldu duenez, nahiz eta egungo egoera nahi bezain ona izan ez arren, automobilaren sektoreak deskarbonizaziorako ibilbide-orria jarraitu omen du, elektrifikazioaren aldeko apustu “sendoa” eginez. “Eta uste osoa dugu, industriak gidatu behar duela mugikortasunerako aldaketa hori”. Griffihtsen iritziz, neurriak “lehen bait lehen” hartzea ezinbestekoa da ibilgailu elektrifikatu baten erosketa erakargarri egiteko, eta kargatzeko azpiegitura-sarea bizkortzeko ere eskatu du.

Ibilgailu elektrikoa

“Sektorea helburuak betetzen ari da, eta horrek baikortasuna areagotu eta berresten dit. Elektrifikatutako ibilgailua aukera bikaina da Espainiako industriarentzat. Industriarekin eta enpleguarekin dugun konpromisoa inoiz baino irmoagoa da gaur egun. Horregatik ezin dugu minutu bakar bat ere alferrik galdu, elektrifikazioaren trena martxan dagoelako eta ez delako geldituko. Premiazkoa da gero eta turismo elektrifikatu gehiago ekoizteko neurriak hartzea, merkatu horretan lehiatu nahi dugun lider europarren mailan jartzekotan”, adierazi du.

Bestalde, automobilaren tasa eta zergen ondoriozko zerga-bilketa publikoa 39.177 milioi eurokoa izan zen iaz, eta horrek %13,2ko igoera erakusten du 2021ean kutxa publikoetan sartutako 34.148 milioi euroekin alderatuta.

Jose Lopez-Tafall Anfaceko zuzendari nagusiak azpimarratu zuenez, automobilgintzaren sektoreko enpleguaren susperraldiak agerian uzten omen du “BPGren %10 sor-tzen duen industria horren erresilientzia”.