Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak, Christine Lagardek, atzo aurreratu zuenez, erakundearen etorkizuneko erabakiek “bermatu egingo dute interes-tasa ofizialak behar bezain murriztaileak izatea”, inflazioa epe ertainera %2ko helburura behar bezala itzultzeko, eta “behar den denboran” maila horri eusteko, gehitu zuen.

Hala adierazi zuen Europako Parlamentuko Ekonomia eta Moneta Gaietarako Batzordeko eurodiputatuen aurrean urteko bigarren Moneta Elkarrizketan egindako agerraldian. Erakunde horrekin elkarrekintzak indartzeko eta lankidetza eraginkorra errazteko akordioa sinatu zuen atzo.

“Gure tasa-igoerak nabarmenki ari dira transmititzen enpresen eta etxeen finantzaketa-baldintzetara, maileguen interes-tasen igoeran eta maileguen bolumenen jaitsieran ikus daitekeenez”, esan zuen. Era berean, “EBZren diru-politikako neurrien ondorio guztiak gauzatzen hasiak direla” azpimarratu zuen.

Bere hitzaldian, jarduera orokorra energiaren prezioen jaitsierak, eskaintzaren botila-lepoak murrizteak eta enpresei eta etxeei politika fiskala babesteak nabarmen lagundu diotenaren jakitun, buruzagi frantziarrak begi onez hartu zuen, Europako Batzordeak estatu kideei egindako gomendioa, 2023an energiaren prezioen krisiari erantzuteko hartutako neurri fiskalak ken ditzaten.

“Energia-krisia desagertu ahala, horri dagozkien laguntza-neurriak azkar eta adostuta kendu beharko lituzkete gobernuek, epe ertainera inflazio-presioak areagotu ez daitezen, eta horrek diru-politikaren erantzun sendoagoa eskatuko luke”, ohartarazi zuen Europako Banku Zentraleko presidenteak.

Lagardek gogora ekarri zuenez, inflazio orokorraren eta azpikoaren gaineko goranzko presioak energiaren kostuen aurreko igoeren ondorioetatik omen datoz, nahiz eta kostu horiek pixkanaka desagertzea espero den.

Moderazioa

Hala ere, Lagardek behin eta berriz errepikatu zuen, neurritasunaren zantzu batzuk ageri badira ere, “azpiko inflazioak goia jo duela esateko froga garbirik ez dago”.

Europako Banku Zentraleko presidenteak onartu zuen, inflazio handia euroguneko biztanleak “estutasunean” jartzen ari dela, eta errenta baxuen eta altuen kontsumitzaileen arteko diferentziala “desagertzen hasi bada ere”, elikagaienak “bereziki pairatzen dituztela” errenta baxuko etxe unitateek, bere esanetan.

“Inflazioaren aurkako borrokan buru-belarri gabiltza, nola hala epe ertainera % 2ko helburua lortzeko helburuarekin.

Prezioen egonkortasunarekiko konpromiso horrek laguntza nabarmena eskaintzen dio hazkunde ekonomikoari eta epe ertainerako enpleguari, eta, ondorioz, desberdintasun ekonomikoak murrizteari”, adierazi zuen.

Interes-tasak

Hamaika hilabete eskasean, interes-tasak %0tik %3,75era igo dira, 2008ko urritik izandako mailarik altuenera.

Gainera, Europako Banku Zentralaren historiako tasa-hazkunderik azkarrena izan da.