Euskadiko BGAEen Federazioak pentsioak osatzeko sistema hori “orokortzeko” fiskalitate “mesedegarriaren” beharra aldarrikatu zuen atzo. Horretarako pizgarri fiskalak ezartzeko eskatu zuten, langileen “sarrera goiztiarra” errazteko eta errenta moduan kobratzeak jasotzen duen tratamendua hobe-tzeko. Bestalde, erakundeak defendatu zuenez, BGAEak errentagarriak izan dira eta izaten jarraituko omen dute, nahiz eta 2022a urte beldurgarria izan den finantza-merkatuen-tzat, “oso epe luzekoak direlako”.

Hedabideekin Bilbon egindako topaketan, BGAEen Federazioko arduradunek, Ignacio Etxebarria presidentea buru zutela, tresna hori “orokortzea” bultzatzeko tratamendu fiskal “mesedegarri” baten garrantzia plazaratu zuten, “ez duelako zertan pentsio publikoen sistemaren lehen zutabea ordezkatuko, ezta ordeztu behar ere”, beraien helburua hura “osatzea” delako.

Euskadiko biztanleria aktiboaren %45 inguruk ditu aurreikuspen-planak. BGAEen Federazioko presidenteak adierazi zuenez, aurreikuspen osagarria azken soldataren %20ra iristeko Gobernuaren planetan adierazitako “desideratumaren” ondorioz, “30 urte inguru kotizatu beharko lirateke, soldataren %8ko ekarpenarekin”, eta egungo portzentaia, sektorearen arabera aldakorra bada ere, “askoz txikiagoa” da.

Horregatik, erakunde horretan ezinbestekoa iruditzen zaie sistema hori sustatzea, tratamendu fiskal “mesedegarria” ezarriz. Proposatzen dituzten neurrien artean, “sarrera goiztiarrerako” pizgarriak ezartzea eskatzen dute, herritarrak “lehenbailehen sar daitezen” animatzeko, “zenbat eman den bezain garrantzitsua baita ekarpen hori zenbat denboran zehar egin den”.

Horregatik adierazi zuten “komenigarria izango litzatekeela ekarpen partekatuak dituzten enplegu-planak sustatzekotan, zerga-oinarriko kenkariez gain, kuota-kenkariren bat ematea erabakitzen den lehen urteetarako edo adin jakin batetik beherako jendearentzat”. Errenta moduan kobratzeko tratamendua hobetzearen aldeko iritzia ere plazaratu zuten, “errentaren zati batek salbuetsita egon behar duelako sisteman dagoen urteen arabera”, izan ere, “lan-errenta bailiran zergapetzen ari diren” etekinak gehitzen direlako, “etekin hori inbertsio-funts batetik etorriz gero zerga-tratamendu desberdina eta mesedegarriagoa duelarik”. Euskadin zerga-berrikuspen bat iragarri denez, “ukitu beharrekoa uki dadila, baina egonkorra izatea” eskatu zuten, tankera horretako “epe luzeko sistema batean segurtasun juridikoa funtsezkoa delako”. “Sisteman sartzen denarengan konfiantza sortu behar da”, azpimarratu zuten.

Hala eta guztiz ere, BGAEen EAEko federazioak “nahikoa lasai” ikusten omen ditu bazkideak, 2022a “denontzat urte txarra” izan arren, are gehiago, %8ko errentagarritasuna izanda, “oso ona” izan zen 2021aren ondoren. BGAEen kasuan 2022an “emaitza negatiboa bazter-tzea” lortu eta gero, 2023 ez dela -itxura batean- negatiboa izango iragarri zuten.

Aurtengo urtea errenta aldakorrean “oso ondo” hasi dela azpimarratu zuten, nahiz eta bere bilakaeran ezin jakin “balantzak norantz egingo duen”. Errenta finkoan, aldiz, “jaitsiera handiak” 2022an gertatu ziren, eta “ez da, inola ere, iaz bezain txarra izango bonuentzat”. Amai-tzeko, Etxebarriak “lasai egoteko” mezua zabaldu nahi izan zuen, azken 21 urteetan lan BGAEek batez beste %4ko errentagarritasuna izan dutelako “eta errentagarri izaten jarraituko dutelako”.