Duela hogeita hamar urte baino %80 gehiago arrain ekoizten dira urtero, 180 miloi tona zehazki. Kopuru horren zatirik handiena –156 miloi tona inguru– gizakiak elikatzeko erabiltzen da eta gainerakoa akuikulturan hazitako arrainei jaten emateko. Batez beste, pertsona batek 20,5 kilo arrain jaten ditu urtero. Munduan gero eta arrain gehiago kontsumitzen da eta diru asko dago jokoan eskaera horri erantzuteko lehian.

Testuinguru horretan, arautu eta deklaratu gabeko legez kanpoko arrantza da mehatxu larriena itsas-baliabideen ustiapen jasangarrirako. Elikadura eta nekazaritzarako Nazio Batuen erakundearen arabera (FAO), urtean 20 milioi tona arrain baino gehiago harrapatzen dira legez kanpo, 10.000 eta 23.000 milioi dólar bitarteko balioarekin. Munduko itsasoetan arrantzatzen diren bost arrainetatik bat legez kanpoko arrantzatik dator.

FAOren arabera, arautu eta deklaratu gabeko legez kanpoko arran-tzak “arrain-populazioak agortzen ditu, itsas ekosistementzako mehatxurik handienetako bat da, arrantza modu iraunkorrean antolatzeko ahaleginak ahultzen ditu eta zenbait arrantza-ustiategi kolapsoaren zorian jartzen ditu”.

Europako Batasuna da munduko arrain eroslerik handiena, Ameriketako Estatu Batuak eta Japoniaren aurretik. Izan ere, Europako herrialdeetan kontsumitzen den arrainaren %40 bakarrik dator bertako flotaren ekoizpenetik. Gainerako guztia kanpotik ekartzen dute. Espainia, Erresuma Batua, Frantzia, Herbereak, Alemania eta Italia dira arrain inportatzailerik handienak eta atun espezie ezberdinak, arrain zuria eta arrainagaz egindako irina dira Europak gehien erosten dituen produktuak. 2020 urtean, Europako Batasunak 23.000 milioi euro erabili zituen arraina erosteko, nazioarteko merkatuaren %34 hain zuzen ere. Norvegia, Txina, Erresuma Batua, Ekuador, Maroko, Vietnam, India, Islandia, Argentina, Errusia eta Peru dira hornitzaile nagusiak.

Bruselak ez du legez kanpo harrapatutako arrainik erosi nahi eta helburu horrekin, arautu eta deklaratu gabeko legez kanpoko arrantzaren aurka borrokatzeko araudia onartu zuen 2010 urtean. Nolanahi ere, urtero Europan sartzen den arrainaren %15 legez kanpoko egindako arrantzatik dator. Kontua da, arrain inportazioak aztertzen dituen araudia zorrotza izan arren, hutsune handiak dituela aplikatzeko orduan, besteak beste, Europako Batasuneko herrialde bakoitzak nahieran erabiltzen duelako. Ondorioz, jatorri susmagarria duten milaka tona arrain sartzen dira urtero Europako merkatura.

Europako merkatuan sartu

Duela aste batzuk, Europako Batzordeak debekatu egin zuen Kameruneko uretan eta bertako bandera duten ontziek harrapatutako arrainaren inportazioak. Arautu eta deklaratu gabeko legez kanpoko arrantzaren kontra borrokan ez laguntzea leporatu dio Bruselak Afrikako herrialdeari. The Associated Pressek legez kanpoko arrantza egiteagaitik salatutako Kameruneko banderako hamalau ontziren jarduna ikertu zuen eta ontziok, Europako Batasuneko enpresak kudeatutakoak zirela deskubritu zuen. San Vicente-Granadinas, Comoras eta Kanbodia ere Europako Batasunaren zerrenda beltzean daude. Asia eta Afrikako beste herrialdeko askori, txartel horia erakutsi die Europako Batasunak. Hala nola, Ekuador, Vietnam, Tailandia, Filipinak, Hego Korea, Ghana, Curaçao, Panama, Sri Lanka, Salomon Irlak, Belice, Taiwan edota Guinea-Bissauri.

Europako arrantza eta akuikulturarako itsas-funtsak ia 800 milioi euro erabiliko ditu 2027ra arte arrain inportazioak kontrolatzeko. Bruselak bermatu nahi du Europako Batasunean saltzen diren arrantzako produktu guztiak legezkoak direla. EBko kontsumitzaileei bermatu behar die kontsumitzen dituzten produktuak ez datozela legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzatik. “Hala ere, produktu baten legezkotasuna bermatzeak ez du bermatzen produktu hori modu iraunkorrean lortuko denik” dio Europako kontuen auzitegiak, legez kanpoko arrantzaz egindako txosten berezian. “Legez kanpoko arrantzari aurre egiteko ezarritako kontrol-sistemek arriskua gutxitzen badute ere, eraginkortasuna ez da erabatekoa, kontrolen eta zigorren aplikazioa asko aldatzen delako estatu batetik bestera” ondorioztatu du txostenak.

Arestian esan bezala, Europako Batasunak atun asko erosten du nazioarteko merkatuetan. 2021 urtean Europak ia 80.000 tona atun erosi zien Txinako eta Asiako hego-ekialdeko ontziei. Arrain hori guztia muga-zergarik ordaindu barik sartzen ari da Europako merkatuan eta etengabeko hazkuntza izan du, bertako arrantza flotaren kalterako. “Gure ontziek legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzte. Itsas-baliabideen ustiapen jasangarriaren aldeko apostua egiten dugu eta gure arrantzaleen lan baldintzak onak dira. Gurekin batera arrantzan ari diren beste flota batzuk, ordea, ez dute legea betetzen eta euren arraina arazo barik saltzen dute Europako merkatuan” salatu dute bertoko atunontziek.

Tunido tropikalak arrantzatzen dituen Europako ontzi baten kostua 11 miloi eurokoa da urtean, erregaiak, mantentze lanak, arrantzarako teknologia, hornidurak, porturatzeak eta gastu sozialak kontuan izanda. Taiwan edota Filipinetako atunontzi baten urteko kostua, berriz, askoz txikiagoa da. 2,6 milioi eurokoa Taiwaneko ontzi batean eta 1,3koa Filipinetako ontzi batean. “Europako merkatura heltzen diren arrain inportazio guztiei exijitu behar zaie legedia betetzea eta gutxieneko lan baldintzak bermatzea” eskatzen dute Europako Batasuneko atunontziek. “Merkatu berean lehiatu behar bagara joko arauak berdinak izan behar dira guztiontzat”.

Txinako flotaren mehatxua

Legez kanpoko arrantzaren gaineko ikerketa guztietan, Asiako herrialde bat agertzen da beste guztien ganetik: Txina. Science Advances aldizkari zientifikoak azken hogei urteetan munduko itsaso guztietan legez kanpoko arrantzarekin zerikusia duten delituak aztertu ditu. Ikerketa horren arabera, erregistratutako delitu guztien %33 gutxienez, 450 ontzi industrialekin eta 20 enpresarekin lotuta daude, gehienak Txinakoak. Pekineko gobernuak diruz laguntzen ditu munduko itsaso guztietan arrantzan egiten duten 3.000 bat ontzi. Hego Amerikan, adibidez, Txinako 400 ontzik arrantzan egiten dute Ekuador, Txile, Peru, Argentina eta Brasileko eskumeneko uren mugan. Txibiak, marrazoak eta beste espezie asko arrantzatzen dituzte, ustez nazioarteko uretan, inolako kontrolik gabe. Sarritan, satelite bidezko lokalizazio-gailuak itzaltzen dituzte eta legez kanpoko arrantza egiten dute aipatutako herrialdeen uretan. Gainera, ontzi bikiak dituzte edo Latinoamerikako herrialdeetako pabiloiekin egiten dute lan.

Txinako flotak kalte handia eragiten die arrantza baliabideei, inolako kontrolik gabe arituta, ezinezkoa baita zehatz jakitea zenbat eta zein espezie arrantzatu dituzten. PEW erakundeak egindako ikerketa baten arabera, Txinako ontziek harrapatutakoaren hamabiren bat baino ez dute deklaratzen. 2017an Fu Yuan Yu Leng ontzi txinatarra atxilotu egin zuen Ekuadorreko armadak Galapagoetako itsas erreserban arrantzan egiteagaitik. Ontzi barruan 500 tona arrain zituzten, tartean, babestutako eta desagertzeko arriskuan dauden hamabi espezie aurkitu zituzten.

Afrikan, Txinako flotaren kontrolik gabeko arrantzak eragindako kaltea are handiagoa da. Pekinek akordioak sinatu ditu itsasertzeko estatu askorekin, Atlantikoan zein Indiar ozeanoan, Marokotik hasita, Eritrea eta Sudaneraino, Mauritania, Kamerun, Angola, Ghana edota Namibia ahaztu barik. Akordio horiei esker, Txinako flotak askatasun osoz arrantzatzen du Afrikako kostaldean, inolako kontrolik gabe gainera. Ezinezkoa da Txinako ontzidiak Afrikako itsas baliabideetan eragiten duen kaltea kuantifikatzea. Arrantzatutakoaren zati handi bat, arrain-irina egiteko erabiltzen dute, akuikulturako haztegietako arrainei jaten emateko. Txinak 50 milioi tona arrain ekoizten ditu urtero akuikultura haztegietan.