Lan merkatua pandemiak eragindako ziurgabetasuna eta beldurra uxatzen ari da pixkanaka eta negozio-ideia berriak martxan jartzeko joera ere indarra hartzen ari da. Hala ere, eta pentsa dezakegunaren aurka, ekintzailetasuna eta gazteak hautsi daiteken binomioa da eta 50 urtetik gorako pertsonek ere alternatiba moduan planteatzen dute.

Arrazoiak asko izan daitezke eta ugaritzen ari dira beren negozio-ideiak aurrera eraman ahal izateko oinarriak jartzeko eskualdeetako garapen agentzietara jotzen duten ekintzaileak. Tolosaldea Garatzen garapen agentzian sumatzen ari dira pixkanaka errekuperazio zantzuak. “Oraindik ez gaude pandemia aurreko zenbakietan, baina esan dezakegu pixkanaka jendea hasi dela ekintzailetasunean pentsatzen, eta hori frogatzen du urte hasieratik orain arte artatu dugun pertsona kopuruak”, azaldu du Jon Zubeldia Tolosaldeko garapen agentziako ekintzailetasun arloko arduradunak.

Ugaritzen ari dira beren negozio-ideiak aurrera eraman ahal izateko oinarriak jartzeko eskualdeetako garapen agentzietara jotzen duten ekintzaileak

50 urteko langa pasa ondoren enpresa propioa martxan jartzeko hautua egiten dutenak gutxiengoa dira oraindik ere, baina badira pausoa ematen ari direnak. “Adin-tarte horretako pertsonek hainbat gauza dituzte aldeko. Garrantzitsuena da metatutako esperientzia, esperientzia hori praktikan jartzeko gogoa eta honi lotuta sektorearen ezagutza zabala. Era berean, arlo emozionalean ametsak gauzatzeko grina ere egoten da, hau da, lan-bizitzako azken etapa hori benetan gustukoa duzun horri eskaintzea. Eta, azkenik, esango nuke logikak esaten duela adin-tarte horretan egoera finan-tzieroa ere osasuntsuagoa izaten dela eta horrek ahalbidetzen duela zenbait kasutan zorpetu beharrik ez izatea”, azaldu du Jon Zubeldiak. 

Aldiz, 50 urtetik gorakoek badituzte hainbat elementu aurka ekintzaile izateko bidean. Lehena “karga-familiarrak” izaten dira. “Seme-alabak izaten dituzte, baliteke unibertsitatean egotea, suposatzen duen behar ekonomikoarekin eta hori nahikoa izaten da atzera botatzeko. Gainera, jubilazioa ere hor dago, asko hasten dira kotizazioan pentsatzen eta atzera egiteko beste arrazoi bat izan daiteke”, ziurtatu du teknikariak. Teknologia berrien ezagutza eza ere alderdi negatibo gisa kontsideratzen da.

Honi lotuta, gainera, ekintzailearen gainean beti izan ohi den “porrotaren mamua” ere ager-tzen da. “Beti presente dagoen beldurra da, baina 50 urtetik gorakoen kasuan handiagoa izaten da, aurrezkiak proiektu horretan inberti-tzen badira eta ez bada ondo ateratzen, gero ekonomikoki buelta ematea oso zaila izaten baita”, gaineratu du. 

Ekintzailearen profila, ordea, 40 urte ingurukoa izaten da eta oro har aurrez hamar urteko lan eskarmentua izan ohi dute. “Gure bulegoetik pasa diren 50 urtetik gorakoen egoera ezberdina da. Kasu batzuetan, urte askotako lan esperientzia baliatu dute enpresa propioa sortzeko, kontaktu asko dituztelako eta besteren kontura lan egin beharrean norbere kontura lan egin nahi dutelako. Bestelako adibideak ere baditugu, esaterako, jubilazioa iritsi bitarte azken urteak kotizatu nahi dituztelako, adibidez”, zehaztu du Zubeldiak. 

Ekintzailearen profila: 40 urte ingurukoa eta, oro har, aurrez hamar urteko lan eskarmentuarekin

Edozein dela kasua, ekintzailetasuna eta autoenplegua bultzatzeko helburuarekin aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute garapen agentziek, izan ere, Euskal Herrian, 10 langiletik beherako enpresa tixikiak egitura ekonomikoaren %90a direla, eta horien %50 bazkide bakarrak edo bik osatutako enpresa txikiak dira. 

Zentzu honetan, orientazio eta informazioa eskaintzen dute garapen agentziek: bideragarritasun plana egiteko laguntza, egitura juridikoaren hautaketa, izapideak, finantzaketa bilaketa edo jarduerari egokitutako dirulaguntza bilaketa. Gainera, enpresa kudeaketari buruzko prestakuntza eskaintzen dute ikastaro eta ekintza formatiboen bidez. Azkenik, espazio eta baliabideak ere jartzen dira ekintzaile eta enpresa sortu berrien eskura, hala hola, enpresa haztegiak edo coworking espazioak.

Gakoak: lankidetza eta digitalizazioa

Errentagarritasuna izango da geure negozioa arrakastatsu egingo duena, baina horretarako hainbat elementu kontutan hartu beharko ditugu. Lehenik eta behin, beharrezkoa da merkatuaren beharrak identifikatzea, eta horretarako profesionalen laguntza eska dezakegu. Beren enpresa sortu duten beste ekintzaileen esperientziak ezagutzea oso lagungarri izan daiteke, eta gaur egun abantaila emango diguten bi gako: lankidetza eta sinergiak, eta digitalizazioa eta teknologia berrien ezagutza. Eta, azkenik, gogoratu, enpresa bat sortzen saiatu, baina azkenean proiektua ez bada gauzatzen, ez pentsa huts egin duzunik! Ekintzailetza prozesuak berak maila pertsonalean zein profesionalean aberastuko zaitu.