- Espainiako Gobernuak auto elektrikoen salmentak sustatzeko helburua du. Horretarako, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua egingo duela iragarri da eta automobilgintzaren sektoreak aspalditik eskatzen zuen PERTE (Proyectos Estratégicos para la Recuperación y la Transformación Económica) plana abian jarriko du.

Reyes Maroto Industria ministroak joan den astean Bartzelonan proiektuaren aurkezpena iragar-tzean adierazi zuenez, “albiste bikaina izango da, Espainia mugikortasun elektrikoaren eta konektatuaren abangoardian jarriko baitu “.

Marotok azpimarratu duenez, “herrialdearen konpromisoa izango da”, sektorea dagoeneko prest omen dagoelako, eta kontsumitzailea bera ere bide horretan lerrokatuta. Baina, itxura batean, bere erabakietan subiranoa den kontsumi-tzailea ez dator bat Gobernuko ordezkariaren baikortasunarekin; herritarrak ez dira, oraingoz, ibilgailu elektrikoaren aldeko hautua egiten ari, gaur egun garestiagoa delako, autonomia txikiagoa duelako, birkargatzeko askoz denbora gehiago behar duelako eta, gainera, ohiko auto konbentzional batek baino askoz ere birkargatze gune gutxiago dituelako.

Datuak oso garbi erakusten dute. EAEn 2021eko lehen seihilekoan guztira matrikulatu diren 12.495 autoetatik, elektrikoak 830 baino ez dira izan, guztizkoaren %6,6 baino ez. Nafarroan ere kontuak ez dira oso bestela joan, saldutako 3.876 autoetatik elektrikoak 224 izan baitira, %5,7.

Gainera, erakundeetako ordezkariek egindako adierazpenek nahasmen handia sortu dute kontsumi-tzaileengan automobilaren etorkizunaren inguruan; eta horri covidak ekarritako krisi ekonomikoa gaineratuta,

Espainiar Estatuko automobilen merkatua izugarri apaldu da Europakoarekin alderatuz gero. Datuak argi erakusten duenez, estatuan, 2021eko lehen seihilekoan 456.833 ibilgailu saldu dira, urte arrunt batean baino %34 gutxiago.

Horregatik eman nahi dio Espainiako Gobernuak garrantzia berezia Espainiako ekonomiaren berreskuratze eta eraldaketarako lehen egitasmo estrategiko honi (PERTE); covid-ondorengo Europar Batasuneko funtsen kargu egingo da, eta ibilgailu elektrikoak eta konektatuak sustatzea izango du helburu.

Plana gaur bertan aurkeztuko diote sektoreari Moncloan, eta ekitaldian izango dira Pedro Sanchez Gobernuko presidentea eta Industria ministroa, Reyes Maroto.

Helburua garbia da: berez fabrikatzaile propiorik izan ez arren Europako bigarren fabrikatzailea eta munduko zortzigarrena den Espainiak nolabait lidergo horri eusten jarraitzea, behin errekun-tzako ibilgailuen aroa amaitzen denean.