- Arrantzaldia etetzea erabaki dute antxoaren kanpainan parte hartzen ari diren Kantauriko baxura flotako ontziek. Arrain gazteak besterik aurkitzen ez dituztela eta horiek enkantean oso prezio eskasean saltzen direla argudiatuz, datorren astelehenera arte berriz ez itsasoratzea adostu dute.

"Igande goizaldean itsasoratu ziren ontziak eta astelehenean porturatu zen lehen ontziak 1,40 eurotan saldu zuen arraina, bigarrenak 0,80 eurotan eta hirugarrenari 20 zentimo ordaindu zioten kiloa", diote arrantzaleek.

"Esan beharrik ez dago prezio horiekin ezin dala errentagarritasunik lortu. Gainera, ez du merezi kuota kontsumitzea" azaldu dute Bizkaiko kofradietatik.

Gauzak horrela, berdel kuota agortu gabe zuten ontziak bakarrik itsasoratu dira egunotan. Egoera ez da batere ona antxoatan ari diren ontzientzat.

Izan ere, kanpaina bukatzeko bi hilabete geratzen direnean, arran-tzaleek ez dute antxoa handirik aurkitzen Kantauri osoan.

"Orain arte ikusitakoaren arabera, antxoa gaztea baino ez dago Matxitxakotik ekialderantz. Kontua da, mendebaldetik ere ez datorrela albiste onik", diote.

"Galizian antxoa handia harrapatu zuten duela aste batzuk baina orain arrain gaztea baino ez dute aurkitzen", gaineratu dute kofradietatik.

Bien bitartean, berdelaren arrantzan dabiltzan ontziak kuota arrantzatu ezinik dabiltza.