- "Pentsio publiko duinak, bidezkoak eta egokiak" eskatzeko milaka pentsiodun mobilizatu ziren atzo Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, baita beste 30 bat euskal udalerritan ere. Aldarrikatu zutenez "pentsiodunei ez ezik, hurrengo belaunaldiei ere eragiten dien" arazo baten aurrean gaude, eta gaur egungo pandemiaren "aitzakiarekin" ez omen da inolako neurririk hartzen.

Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduek manifestazioak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Espainiako Gobernuari "luzatzen utzi gabe" 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behera uzteko, eta "indarrean jarraitzen duten" 2011 eta 2013ko pentsioen erreformek ekarritako murrizketak indargabetzea eskatzeko. Mobilizazioak gizarte eta sindikal erakunde ugariren elkartasuna jaso zuen: besteak beste, Euskal Herriko Gutun Soziala, Babestu, ikasleen sindikatuak, erakunde feministak eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, Steilas, Etxalde eta Hiru.

Donostiaren kasuan, euskaraz eta gaztelaniaz "Toledoko itunaren murrizketarik ez" zioen pankarta handi bat aurrean zutela egin zuten protesta. Lelo horrekin batera, manifestariek beste pankarta txikiago batzuk ere erakutsi zituzten, "pentsio publiko duinak" eskatuz edota hilean 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde eginez.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, "borrokari esker" pentsioen sistema publikoa "jasanezina" dela dioten gezur handiak "agerian" jarri dituztela adierazi zuten pentsiodunek. Euren aldarrikapenak zein diren ere azaldu zuten: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, bizitzaren kostuaren araberako pentsioen errebalorizazio automatikoa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, edota pentsio-plan eta -funts pribatuen zerga-desgrabazioak indargabetzea, besteak beste.

Aste honetan onartutako Euskal Aurrekontuek mugimenduaren eskaerak aintzat ez hartzea ere gai-tzetsi zuen kolektiboak, "pentsioak 1.080 eurora osatzeko legezko gaitasuna" Gobernuak baduelako. "Ez dugu beste irtenbiderik, eta egungo egoera zuzentzeko modu bakarra mobilizazioak ugaritzea da", salatu zuten.

Amaitzeko, nabarmendu nahi izan zuten pentsioena ez dela une jakin honetako arazoa, eta, hain zuzen ere, neurririk hartzen ez bada, pentsiodunen hurrengo belaunaldiek pairatuko dutela neurri handiagoan. Adibidetzat aipatu zuten kotizazio epea 25 urtetik 35 urtera luzatu izana, horrek etorkizuneko pentsiodunen soldata murriztuko baitu. "Litekeena da guri gehiago murriztea, baina neurri hauekin etorkizuneko pentsiodunak modu basatian zergapetuko dituzte", ohartarazi zuten.