- Anoiz baino laburragoa izan da aurtengo hegaluzearen kanpaina. Izan ere, Espainiako Gobernuak itxi egin zuen arrantzaldia abuztuaren 18an 2020 urterako kuota agortzear zegoelako. Gipuzkoa eta Bizkaiko ontziek 8.968.639 kilo hegaluze harrapatu dituzte. Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontzien urteko kuota 16.262 tonakoa dela kontuan izanda, euskal arrantzaleek Espainiako kuotaren %55,14 harrapatu dute.

Euskal ontziek arrantzatutako arrainaren zati bat, 1.200 tn hain zuzen, Asturias eta Galiziako portuetan saldu dute.

Zatirik handiena, ordea, Bizkaia eta Gipuzkoako portuek jaso dute. Guztira, 7.767.744 kilo hegaluze saldu ditu euskal flotak aurten Euskadiko kofradietan. Horretaz gain, Irlandako arrastontzi pelagikoek 552.074 kilo porturatu dituzte Ondarroan. Azkenik, Kantauriko beste erkidego batzuetako ontziek 110.179 saldu dituzte euskal portuetan. Guztira, 8.429.997 kilo hegaluze sartu dira aurten Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtean baino %10,4 gehiago. Arrain horren balioa lehen salmentan 29,8 miloi eurokoa izan da, iazkoa baino %11,6 handiagoa.

Hegaluzearen prezioari dagokionez, 3,54 eurotan saldu da kiloa batez beste, iragan urtean baino zentimo bat merkeago. Nolanahi ere, euskal ontziek arrantzatutako hegaluzea soilik kontuan izanda, arrainaren batez besteko prezioa 3,66 eurokoa izan da.

"Hegaluzearen arrantzaldia urteko garrantzitsuena da guretzat eta aurten emaitza onak lortu ditugu. Arrain asko aurkitu dugu itsasoan eta saltzeko orduan ere prezioak eutsi egin dio eta ez da beherakada nabarmenik izan" azaldu du Bermeoko ontzi bateko patroiak.

"Beste alde batetik -gaineratu du- guretzat gogorra da porturako bidea hartu behar izatea itsasoa arrainez beterik dagoenean".

Aurten ere, Getariako portuak jaso du hegaluze gehien Euskal Herrian, ia 3.100 tona hain zuzen ere, iaz baino 400 bat tona gutxiago. Hondarribiko kofradian 2.764 tona hegaluze saldu dira aurten, aurreko urtean baino 600 bat tona gehiago. 927 tona jaso ditu Bermeoko portuak, 837 Ondarroak, 203 Pasaiak eta 42 Lekeitiok.

Arestian esan bezala, inoizko kanpainarik laburrena izan da aurtengoa eta berriz ere garbi geratu da Espainiak duen kuota ez dela nahikoa Kantauriko eta Kanarietako flotarentzat. Ez da ahaztu behar azken hiru urteetan abuztuan bukatu dela arrantzaldia kuota agortu ostean. Arran-tzaleek kuota handiagoa nahi dute eta ondo bidean, litekeena da hurrengo urterako %12ko igoera bat onartzea ICCATek (Atlantikoko atuna zaintzeko batzordea). Hegaluzearen stockaren egoera aztertu dute biologoek aurten eta emaitzak oso positiboak izan dira.

Azken urteetako estadistikak aztertuta, garbi ikus daiteke hegaluzea gero eta goizago sar-tzen ari dela Bizkaiko Golkora. Duela bi urte, 2018an, 209 tona hegaluze saldu ziren euskal portuetan urteko lehen seihilekoan, ekainean batez ere. Hurrengo urtean, 2019an, 303 tona saldu ziren ekainean eta aurten 565 tona porturatu dituzte. Esan beharra dago, aurten ontziek inoiz baino goizago utzi ziotela bokarta arrantzatzeari, arrainik aurkitzen ez zutelako eta aurki-tzen zutena txikia zelako. Nolanahi ere, azken urteetan uztailean arrantzatutako hegaluze kopuruak igoera nabarmena izan du. "Lehen, abuztua izaten zen hilerik oparoena hegaluzearen kanpainan baina azken urteetan arraina oso goiz sartzen da Bizkaiko Golkora eta uztailean arrain asko harrapatu dugu" diote baxura sektoretik.

Hegaluzearen arrantzaldia itxita, ontziek ez dute aukera handirik urteko azken hilabeteetarako. Aurten, gainera, ezingo dute hegalaburrik harrapatu urteko kuota guztia saldu egin dutelako. Beste urte batzuetan ere gauza bera egin badute ere, kuotaren zati bat uzten zuten Kantaurian arrantzatzeko, ontziko lau bat mila kilo. Aurten, ordea, kuota osoa saldu dute. Bestalde, atun moja arrantzatzeko aukera dago, 180.000 kilo inguru baitaude harrapatu gabe. Ontzi batzuk Galiziaraino joan dira baina ez dute espezie horretako arrain askorik aurkitu. Dena den, Bermeoko ontzi bat Galiziako uretan dabil atun mojaren arrantzan.

Gipuzkoako ontzi talde bat Galiziako uretan ari da bokarta harrapatzen. A Coruña inguruan hasi baziren ere, hegoalderantz egin dute azken egunetan arrain sarden atzetik. Tamaina oneko arraina harrapatu dute, 28-30-32 alekoa kiloan. Getariako beste ontzi talde bat Asturias aldetik dabil antxoatan. Arrain ugari aurkitu arren, tamaina ertainekoa da eta merke saldu da enkantean, 60 zentimotan hain zuzen ere.