Gipuzkoako zerga bilketa metatua %19,9 jaitsi da uztailera arte 2019arekin alderatuta

Foru erakundeak aurreko urteko lehen zazpi hilabetetan baino 456 milioi euro gutxiago bildu ditu

12.08.2020 | 12:36
Gipuzkoako Ogasuneko bulegoak Donostian.

Zerga bilketa metatua %19,9 murriztu da Gipuzkoan uztailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 1.831 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2019an baino 456 milioi euro gutxiago batu dira. Zifra azaltzen du, alde batetik, sarreren arloan izandako beherakada nabarmenak, %14,2 murriztu baitira; itzulketek, bere aldetik, %1,2 egin zuten gora. Beherakada batez ere zerga nagusietan islatzen da, COVID-19 gaitzak sortu duen mundu mailako pandemiak eragin duen osasun krisiak arlo ekonomikoan izaten ari den inpaktua dela eta. PFEZaren eta Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, gainean, kontutan hartu behar da kanpaina hilabete luzatu dela.

Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko zergarekin hasiz, lan atxikipenen atalean 17,1 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2). Hala ere, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza negatiboa da, pasa den urtean baino 141,7 milioi gutxiago batu dira eta (-%17). Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek erdibana egiten dira PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: behera egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 7 milioi (-%12,6) eta 0,9 milioi (-%3,2). Aldiz, hazi egin dira ondare irabazien gaineko atxikipenak, 9,8 milioi euro gehiago bildu baitira (+%46,9).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak 6,8 milioi euro gutxiago jaso ditu: sarrera gordinak 4,3 milioi euro jaitsi dira, eta itzulketak 2,5 milioi eurotan murriztu dira. Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %16,6 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 107,8 milioi euro gutxiago: 74,5 milioitan jaitsi dira sarrerak (-%9), itzulketak 13,3 milioi jaitsi dira (-%3,1) eta lurralde arteko doikuntzak 46,6 milioi eurotan murriztu dira (-%18,6). Zerga berezietan, Hidrokarburoen gaineko Zerga 40 milioi eurotan jaitsi da (-%16,8). Azkenik, Estatuarekiko doiketei dagokionean, BEZari dagozkionak 46,5 milioi eurotan murriztu dira, eta zerga berezienak 27,8 milioi eurotan okertu.