- Hegaluzearen arrantzaldiak emaitza oparoak eman ditu azken urteetan. Ugaritasun horren ondorioz, garbi geratu da Espainiak duen kuotak ez dituela Kantauriko baxura flotaren beharrak hasetzen. Izan ere, normalean hegaluzearen arrantzaldia urriaren amaierara arte luzatzen bada ere -arrain sardek Kantauri itsasoa uzten duten arte- azken urteetan arrantzaleek eten egin behar izan dute kanpaina kuota agortu dutelako. Gauzak horrela, Euskadiko kofradiak lanean ari dira datorren urterako kuota handitzeko.

Bi hilabete igaro dira Kantauriko baxura flotako ontziek hegaluzearen arrantzaldiari ekin ziotenetik eta dagoeneko 2020 urterako kuotaren %70a baino gehiago arrantzatu dute. Horrek esan nahi du 11.500 tonatik gora saldu direla dagoeneko Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako portuetan, eta 4.500 bat tona geratzen direla arrantzatzeko. Azken asteetan izandako harrapaketa erritmoa aintzat hartuta, litekeena da abuztuaren hirugarren asterako arrantzaldia bertan behera utzi behar izatea kuota osoa agortuta. Gogoratu behar da, aurreko urtean, 2019an, Espainiako gobernuak abuztuaren 27an itxi zuela arrantzaldia kuota guztia arrantzatuta. "4.500 bat tona geratzen zaizkigu harrapatzeko eta orain arte bezala jarraituz gero bi edo hiru astetan amaitu daiteke hegaluzearen arrantzaldia. Gora beherak daude harrapaketa erritmoan eta aste guztietan ez da kopuru bera arrantzatzen. Gainera, arrantzaleek badakite kanpaina azken txanpan sartuta dagoela eta ontzia bete arte ez dute porturako bidea hartu nahi egunik ez galtzeko" adierazi du Bizkaiko baxura flotako ontzi bateko patroiak.

ICCATek (Atunaren Zaintzarako Nazioarteko Batzordeak) urteko 33.600 tonako harrapaketa muga ezarri zuen 2018-2020 tarterako. Hirurteko hori amaituta, biologoek -AZTIko teknikoak tartean direla- hegaluzearen stockaren ebaluazio berria egin dute aurten, honen emaitzen arabera, hurrengo urteetarako harrapaketa muga ezartzeko. 2020ko ikerketan, batzordeak egiaztatu du Ipar Atlantikoko hegaluzearen ugaritasun erlatiboak gora egiten jarraitzen duela, eta Kobeko diagramako koadrante berdean dagoela kalkulatu du, % 98,4ko probabilitatearekin.

Harrapaketak kontrolatzeko araua ezarri zuen Iccatek 2017an. Horren arabera, urteko harrapaketa muga stockaren egoeran oinarritutako kalkulu matematiko baten bitartez ezartzen da. Gauzak horrela, eta aurten bertan egindako ikerketaren emaitza onak kontuan izanda, biologoek gomendatzen dute egungo biomasa-estimazioei HCR (harrapaketak kontrolatzeko araua) aplikatzea, 2021-2023 aldirako harrapaketa muga ezartzeko. Beraz, biologoen planteamendua litzateke 37.801 tonakoa topea ezartzea hegaluzearentzat hurrengo hiru urteetarako, egungoa baino %12,5 gehiago. Kontuak kontu, 4.200 tonako igoera izango litzateke 2021-23 aldirako. Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziei dagokienez, aurten 16.000 tona inguru dituzte harrapatzeko eta ICCATeko biologoen planteamenduak batzordearen babesa jasoko balu, beste 2.000 tona arrantzatzeko aukera izango lukete hurrengo hirurtekoan.

Arrantzaleek ez dute ezustekorik nahi eta dagoeneko lanean ari dira hegaluzearen harrapaketa mugaren handitzea gauzatu dadin. Aurelio Bilbao, Bizkaiko kofradietako idazkaria, Europako Batzordearen Hegoaldeko Uretako Aholku Batzordearen presidentea da eta TACa handitzeko erabakian zer esana izango duten erakunde guztietara jo du lehenbailehen adostasun batera iritsi ahal izateko. "Hegaluzea espezierik garrantzitsuena da gure arrantzaleentzat eta azken urteetan ikusten ari gara ontziek eten egin behar izan dutela kanpaina kuota agortuta. TACa handitzeko erabakia ICCATen urteko batzarrean hartu behar da eta biologoen azken txostenak dio stocka osasuntsu dagoela eta harrapaketa muga %12,5 handitzea proposatzen dute. Beraz, alde guztien arteko akordio baten bila ari gara lanean" azaldu du Aurelio Bilbaok.

Gaur egun 33.600 tonakoa da hegaluzearen harrapaketa muga eta 26.869 tn Europako Batasunari dagozkio. 16.312 tonakoa da Espainiako flotaren kuota, 5.203koa Frantziarena eta 2.891koa Irlandarena. Azken herrialde bi hauetako flotak sare pelagikoak erabiltzen ditu hegaluzearen arrantzaldirako eta euskal arrantzaleek behin eta berriro salatu duten bezala, triskantza handiak egiten dituzte hegaluzearen populazioan zein beste espezie batzurenean ere. Duela gutxi, Bruselak kaleratutako txosten batek egiaztatu egin ditu ontzi pelagikoek hainbat itsas ugaztun, marrazo, dortoka eta abar hiltzen dituztela.