gaur goizean, agian hau irakurtzen duzunerako, saria emana dago baina eguerdi partean Enba nekazal sindikatuak “Baserritarron Laguna” izeneko saria emango dio Jaime Zubia jaunari.

Saria eratzerakoan baserri mundua eta baserritarrek, elikagai ekoizle diren neurrian betetzen duen funtzioa zabaldu nahi zuen sindikatuak. Baserritarrek, elikagaiak ekoizteaz gain, ingurumena zaindu eta lurraldea kudeatzen dutela mahaigaineratu baina batez ere, gizarterako onura hauek baserritarren arteko azpisektore profesionaleenak egiten duela aitortu.

Baserritarren betebeharra aldarrikatu, hain hiritarra den euskal gizartearen erdigunean txertatu eta gure gizarteko bi aurpegi hauen arteko distantzia gutxitu nahi da eta hain zuzen, helburu honetan, zeresan haundia izan du Jaime Zubiak.

Pertsonalki uste dut, are gehiago sariaren lehen edizioa dela ikusirik, ezin zela hautatu Jaime Zubia baino hautagai hobeagorik. Ikasketez nekazaritzarekin lotua zegoen, nekazal peritua, eta ogibidez baserritarren prestakuntzarekin hertsiki konprometituta zegoela berehala antzeman zien eta hain zuzen horrexegatik, Zabalegi nekazal ikastetxeko zuzendaria izatera ailegatu zen. Bere garaian, ihardunean zeuden baserritarrak etengabe prestaketan bereiztu zen ikastetxe hau eta sektoreko profesionalek, bere etxetzat jotzen zuten Zabalegi. Tamalez, gaur egun, Zabalegin dugun proiektua, Ekogunea, Kutxako gizarte ekintzak sustatua, baserritar profesionalen ikuspuntua baztertu eta baserri munduaren karikatura hutsean geratu da, haur eta beren familientzat, parke tematiko berdea osatuz.

Hala ere, Jaimeren sarira bueltatuz, ez dugu ahaztu behar, sariaren helburu nagusia baserritarren ikuspuntu profesionala hedatzea, baserriaren kultura plazaratzea eta baserritarren gizarteratzea dela ikusirik, saria ematerakoan, Jaime Zubiak komunikabide alorrean egindako lan bikaina saritu nahi izan dutela.

Jaime, hasera batean Garoa ezizenez, hainbat komunikabideetan jardun zen baina denborarekin, irratira mugatu zen eta mundu honetan, izen ezberdinekin bada ere, baserritarren beharretara egokitutako irrati saioa landu du azken 50 urteotan (nahiz Loiola nahiz Herri Irratian) eta oraindik, lan horretan darrai, igandero, Onda Vasca ? Herri Irratia katean Baserria izeneko saioarekin. Eta gainera, beti, musutruke eta euskaraz.

Lan ixila baina bikaina eta emankorra egin eta egiten du Jaimek astero irratiko mikrofono aurrean jartzen den bakoitzean. Baserri munduko atal eta aspektu guztiak landuz. Baserritar haundiak eta txikiak. Ohikoak eta ekolojikoak. Denak dute lekua Jaimeren baserrian eta gainera, berehala antzematen zaio jakitun dela zertaz ari den, bai ikasketez bai esperientziaz nekazaritza eta baserri mundua oso gertukoa bait du.

Lan ixila izan arren, honez gero, jakitun da lan hori baserritar askoren bihotzetara iritsi dela eta honenbestez, hobeto ulertuko du zein arrazoiengatik hautatu duten sari honetarako. Denok agertu nahi diogu gure eskerrona eta horrexegatik txalotzen dugu “Baserritarron Laguna” saria berari emateko erabakia.

Zorionak Jaime!