ANTHONY Giddens soziologoaren arabera (2000), demokrazia osasuntsuak lortzeko kultura zibiko sendoak behar dira; alegia, gizarte hori osatzen duten kideek erakundeekiko, herrigintzarekiko eta, oro har, gizartea osatzen duten beste herritarrekiko ardurazko jarrera izan behar dute. Nire ustez, demokrazia sendoak lortzeko, ezinbestekoa ere bada ondasun iraunkorrekiko harreman egokiak izatea. Izan ere, etxeak, basoak, mendiak? arduragabekeriarekin erabiltzen direnean, gizarte horretako kideen arteko desberdintasunak areago-tzen dira eta kohesio soziala kalte-tzen. Are gehiago, hurrengo belaunaldiek ondasun horiek erabiltzeko duten eskubidea ukatzen da, eta gizarteek bizi kalitatea galtzen dute. Aldiz, ondasun iraunkorrak arduraz erabiltzen direnean, gizarte kohesioa sendotzen da.
Hainbat ikerketek erakutsi duten bezala (berbarako, Pako Garmendiaren lanek), euskaldunek ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak izan dituzte tradizioz. Etxea, lurrak, basoak? elkartekoak izan dira nagusiki, etxekoak edo herrikoak, eta gizartekideek horien ardura edo erantzukizuna izan ohi dute bakarrik. Ondasun iraunkorren helburua belaunaldiz belaunaldi etxean edo herrian bizi direnei zerbitzua ematea izanik, etxeko edo herriko atal zatiezinak izan dira.
Zuzenbide Erromatarrak eskubide guztiak ematen dizkio lurraren propietarioari; ius utendi, fruendi et abutendi direlakoak. Propietarioak nahi duena egin dezake bere ondasunarekin. Euskal tradizioan, aldiz, mugak jartzen zaizkio jabeari, etxekoen eta herritarren onerako. Gizabanakoek baserriaz, basoez edo soroez gozatzeko (ius utendi) eta gozamen horren ondorioz lortzen dituzten fruituak jasotzeko (ius fruendi) eskubideak badituzte ere, ezin dituzte ardurabakokeriaz erabili, ezta etxearen eta etxekoen nahi eta interesen aurka jarri ere (ius abutendi). Burubide honetan, salmenta bera ere txarto ikusten da, eta bakarrik muturreko egoeretan onartzen. Izan ere, axolagabekeriak edo zatiketak ekarriko lituzkeen minifundismoak etxearen burujabetza ekonomikoa apurtu eta bizibide guztia jarriko luke arriskuan.
Etxekoek zein herritarrek, baserria edota herri-lurrak behar bezala zaintzeko konpromisoa hartzen dute, beraz, aurreko belaunaldiengandik. Horretarako, garai bakoi-tzean etxeko edo herriko direnek, ardura hori egokiro betetzeko gai izango den gizartekide bakar bat aukeratzea onartuko dute: herriaren kasuan, alkatea eta etxearen kasuan, berezitasun onenak dituen seme-alaba. Etxerako edo herriko buruzagitzarako aukeratua den gizabanakoak eskubideak hartu beharrean, gizarte funtzio bat ondo betetzearen erantzukizuna hartzen du.
Gaur egun, ondasunekiko harremanetan, garrantzi gutxiago du ardurak, eta gero eta gehiago Zuzenbide Erromatarraren araberako mentalitateek: ondarea hartzea ondasunekin nahi dena egiteko eskubide giza bizi dugu gehiago, aurreko eta osteko belaunaldiekiko ardura bete behar bat bezala baino.
Aldaketak direnak direla, ez dago zalantzarik euskal tradizioan bizi izan den ondasunekiko harreman hau gure egunetaraino heldu dela. Euskal Herrian mugimendu kooperatibista hain indartsua izatea mundu ikuskera horren adierazle bat da, nire ustez. Han eta hemen ondasun iraunkorrekiko harreman bereziak dituzten auzo-elkarte, kofradia, ermandade eta partzuergoak edota herri-lur eta herri-basoak erabiltzerakoan toki askotan gorde diren araudi eta ohiturak ere mundu ikuskera honen adierazletzat jo ditzakegu.
Esandakoak esan ostean, irudi-tzen zait oso interesgarria izan daitekeela euskaldunok tradizioz izan dugun mundu ikuskera hau berreskura-tzea, eguneratzea eta hedatzea. Ondasun publikoen, energiaren, natur baliabideen edo aurrezki kutxen elkartzearen inguruan eztabaidatzen ari garen honetan, euskaldunon gizarte filosofia honek irizpide egokiak eman diezaguke. Beste berba batzuekin esanda, arduran oinarritutako mentalitate hau oso baliagarria izan daiteke gure gizartearen aurrerabide orekatua lortzeko, baita gure demokrazia, ekonomia edota gizarte kohesioa sendotzeko ere.
* Soziologoa eta UPV/EHU-ko irakaslea