Donostian giroa berotzen hasi da hiriko egun handiaren atarian. Atzera kontaketa horretan, danborrarako entseguetako danbor eta upel hotsak nonahi entzuten dira Donostiako bazterretan, eta Antzoki Zaharrean egin da jada atariko klasikoa: San Sebastianen kontzertu-pregoia, Udal Txistulari Bandaren eskutik.

Ohiturak agintzen duenez, Donostiarrak ere erruz etorri dira, Kale Nagusiko antzoki zaharraren besaulki guztiak beterik.

Ansorena gogoan

Txistulari Bandak prestatutako emanaldian Haizea Muñoz, Ekaitz González eta Leire Retegi abeslariek hartu dute parte. Taula gainean izan dira gainera, Eskola Dantza Taldea, Kresalako haur danborrada, Donostiarra Abesbatza eta Donostiarra Metal Boskotea

Ikuskizun artistikoa ederraren musika-egitarauarekin, Isidro Ansorena maisua gogora ekarri nahi izan dute, haren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenean. Ihaz hildako Eustakio Iraola musikariak ere izan du lekurik, bai eta Gipuzkoak ere, bere lehen erreferentzia idatziaren 1.000 urteak zirela eta.

Ohiko pregoia Gipuzkoako ereserkiarekin hasi da, eta segidan, XX. mendeko bolada luzean Udal Txistulari Bandaren zuzendari izandako Isidro Ansorenaren Mendi aldera kalejirari eman dio bide. Artista beraren Amona Kontxa, Ana Mari, Maitere, Prantxiska Martina, Birigarroa eta Euskal Bilera piezak ere entzun ahal izan dira kontzertuan zehar.

Hiriko musika ekimen ugaritan laguntzaile izandako Eustakio Iraolaren omenez, Donosti, Zein zera zu, Juan Bixenta Olabe eta Idiarena eskaini dituzte.

Martxa, eta Martxa zaharra

Eta kontzertuaren helburua San Sebastian eguna iragartzea denez, festarako Raimundo Sarriegik sortutako ohiko doinuekin amaitu da egitaraua; Kresala, Idiarena, danborradako Valsa eta San Sebastian Martxa.

Bandak bis bat eskaini zuen Antzinako San Sebastian Martxarekin; bandak pieza horixe jo ohi zuen, Santa Maria parrokiatik garai hartan Antiguan zegoen baseliza batera egiten zuten ibilbidean.